Bajan egoteagatik hiru langile kaleratu dituztela salatu dute Agoizko Siemens-Gamesako langileek

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 30a, 18:08

Langileen erranetan enpresak lan egiteko erritmo "basatiak" ezarri ditu, baliabide teknikorik jarri gabe, eta horrek eragin ezin txarragoak ditu langileen osasunean.

Agoizko Siemens-Gamesako langileak ELA (6), LAB (4), UGT (2) eta CCOO (1) sindikatuek ordezkatuta, protesta egin dute gaur, enpresak hiru lankide "bajan edo ez apto bezala kalifikatuak izan ondoren" kaleratu dituela salatzeko. 

Batzordeak zalantzan jarri du enpresaren politika Lan Prebentzio eta Osasunaren arloan, goiburu honen pean: "Siemens-Gamesa juega con nuestra salud. Despidorik ez!!!". Enpresa Batzordeak honela kritikatu du Zuzendaritzaren jokabidea: "Lan egiteko erritmo gero eta azkarragoak ezartzen dizkigute, gure osasuna kolokan jarriz, eta gero, bajan egoteagatik, kaleratzen gaituzte". Egoera onbideratu ezean, mobilizazio gehiago eginen direla iragarri du.

Langileen legezko ordezkariek azaldu dutenez konpainiak lan-orduen kopurua palako gero eta gehiago murrizteko eskatzen die langileei, eta horrek eragin larriak ditu langileen osasunean. "Lan-karga basatiak ezartzen dizkigute, eta horrek bere eragina du gure osasunean" adierazi dute ordezkariek.

Lan egiteko erritmo bizi laster horrez gain enpresak ez ditu bajak lanbide-gaixotasuntzat hartzen, nahiz eta sarritan Agoizko lantegiko lan-kargarekin eta baldintzekin estu-estu loturik egon. Gainera, Batzordearen erranetara "denborak murriztu nahi dituzte, baina baliabide teknikorik jarri gabe, eta lesionatzen garenean, kaleratzen gaituzte".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!