EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizen irudikoz, Nafarroan eragin zuzena izanen dute Espainiako Gobernua osatzeko negoziaiozek: “”Ferrazetik esaten diotena eginen du Maria Txibitek, eta aurrekariak badira hori pentsatzeko”, eta “Ciudadanosekin egiten duten jokaldiak alda dezake Nafarroan gertatuko dena”. Ruizek, halaber, presioak ekarri ditu gogora: “Madrilgo egunkariek batere berriak ez diren 2007ko kontuak argitaratzen hasi dira, esanez PSEk Nafarroa oparitu nahi ziola ETAri. Eta enpresarien elkarteko Sarria ere azaldu da Navarra Sumaren eta PSNren arteko gobernu baten alde”.
Ruizek laukoak bloke moduan jokatzearen aldeko apustua egin du: “Aldaketa sustengatzen aritu garenok datozen egunetan azterketa bateratua egin beharko genuke, eta aukera guztiak aztertu. Fase berri bat dator, baina azken lau urte hauek ezin dira ezerezean gelditu”. Haren hitzetan, “laukoak atzerakada ahalik eta txikiena izateko lan egin behar du, orain ere bide orri bat adostuz”. Lauon artean 19 parlamentari dituztela azpimarratu du, “eta PSNk 11 besterik ez”.
Txibite “oraingoz” ez da EH Bilduko eledunarekin harremanetan jarri. PSNko buruak esana du prest legokeela EH Bilduren botoak jasotzeko, baina betiere deus negoziatu gabe. Haatik, Ruizen aburuz, “gobernagarritasuna lotu gabe, irreala da inbestidurara aurkeztea”.
Iruñeko Udalera begira are argiago mintzatu da Bakartxo: “Surrealista da planteatzea Asiron ez aurkeztea, eta botoak Esporrini ematea, aintzat hartuz bion artean 10.000 botoko aldea dagoela”. Gauzak horrela, “alderdi sozialistari dagokio Mayaren eta Asironen artean aukeratzea”.