‘Orain Errepublikak’ hautagaitzarekin Pernando Barrena iritsiko da europarlamentari izatera. Bruselara bidean harrapatu dugu Euskalerria Irratian gaur goizean. Uztailean osatuko da Europako Parlamentuan baina lanean hasteko garaia iritsi zaie: lan-taldeko bilerak, gai prestaketa eta batzordeen banaketa egiteko unea dute orain. Datozen bost urteetarako eginbeharrak antolatu, banatu eta kudeatzen. ‘Orain Errepublikak’ hautagaitzak hiru europarlamentari izanen ditu eta pozik azaldu da Barrena emaitzekin.
Europa, Bruselatik eta Estrasburgotik egiten den lana. Herritarrontzat zabalegiak eta urrunegiak diren hitzak dira batzuetan. Baina, handik egiten den lanak badu garrantzirik gure txikitasunean ere. Europan ere eredu aldaketa bat iritsi beharko litzatekeela uste du Barrenak. Eliteen erakundeak izatetik, herritarren beharrei erantzunen dien eta inor albo batean utziko ez duen Europa sortu beharko litzateke.
‘Orain Errepublikak’ koaliziotik EH Bilduko Pernando Barrena izanen da Europako parlamentuan lanean.