Hauteskundeak 2019

Eskuineko agintaritzaren edo aurrerakoien arteko lehia hamaika hiritan

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 28a, 08:00

Lizarra. Argazkia: Comunicacion Empresarial

Navarra Suma gailendu da zenbait herritan baina PSNk zenbaitetan erabaki dezake bestelako eredu baten bidez udal gobernua osatzea. 

Alderdi sozialistak Nafarroako Gobernuaren osaketan giltza izateaz gainera beste zenbait hiri eta herritan ere izanen du. Navarra Sumak irabazi ditu hauteskundeak zenbaitetan, baina, PSNk izan dezake aukera irabazleari lehen postua kendu eta beste alderdiekin adostuta aurrerakoia izanen den udal gobernua eskuratzeko. Hori gerta daiteke esaterako, Lizarran, edota: Eguesibarren, Burlatan, Berriobeitin eta Azkoienen adibidez. 

Lizarrako kasuan Navarra Sumak zazpi zinegotzi lortu ditu eta bederatzi behar dituzte gehiengoa izateko. PSNk hiru eskuratu ditu eta nahikoa luke NA+rekin adosteko gehiengo hori erdiesteko. Bestelako udal gobernua osatu nahiko balute baina, izanen lukete aukera: EH Bildurekin eta Geroa Bairekin adostea eta hamar zinegotzi batuko lituzkete. 

Eguesibarren ere beharrezkoa izanen da jakitea zein noranzko hartuko duen alderdi sozialistak erabakitzeko nork aginduko duen. 21.000 herritar biltzen ditu Eguesibarrek eta Navarra Suma izan da alderdirik babestuena: bederatzi zinegotzi eskuratu dituzte. Bigarren indarra Geroa Bai izan da lau zinegotzi eskuratuta. Hartara, Geroa Bairen, EH BIlduren (hirurekin), Podemosen (bat) eta PSNren (hiru) zinegotziak batuta eskuratuko lukete agintaritza. Hamaika behar dituzte gehiengoa erdiesteko eta formula horrekin hamabi izatera iritsiko lirateke. 

Burlatan ere Navarra Sumak erdietsi ditu zinegotzirik gehien: bost denera. EH Bildu izan da bigarren indarra lau zinegotzirekin eta bai batak zein besteak PSNren babesa beharko lukete udal gobernura iritsi ahal izateko. Gehiengoa bederatzirekin izanen lukete eta alderdi sozialistak lau zinegotzi eskuratu ditu. Cambiando Burladak bi ditu, Podemosek bat eta Geroa Baik beste bat. 

Berriobeitiko kasua ere ildo beretik doa: EH Bilduk hiru zinegotzi eskuratu ditu, Plazaola izenekoak bi eta Vecinos por Artica hautagaitzak bat. PSNren babesa beharko lukete, zinegotzi bat duena, gehiengo osoa eskuratzeko (zazpi lirateke). Azkoienen Navarra Suma garaile sei zinegotzirekin. Eta kopuru bera eskuratu du Union Peraltesa de Izquierdas taldeak. Gehiengo osoa zazpi zinegotzirekin izanen lukete eta horretarako PSNk du zinegotzietako bat. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!