Navarra Suma Nafarroako Gobernura iritsiko balitz, ez luke eginen “euskaldunak punitzeko” hizkuntza politika, betiere koalizio eskuindarreko hautagai Iñaki Iriartek Euskalerria Irratian azaldu duenez. “Alderantziz. Ni konbentzituta nago euskaldungoak hauteman behar gaituela lagun gisa, eta hori haiek eta guk sinetsi behar dugula”. Iriarteren irudikoz, “auzia ez da orain moztea bertzeek egiten dutena. Ahalegindu behar gara euskaren auzia despolitizatzen eta benetan sinetsi behar dugu kausa horretan. Niretzat elkarbizitza jokoan dago auzi horretan”.
Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioei dagokienez, Iriartek apelazio zuzena egin dio PSNri: “Sozialistek beren buruari planteatuko beharko diote zer duten komunean ‘aldaketa’ bloke horrekin eta zer duten komunean gurekin. Hizkuntza politika, politika soziala, zerga politika, Foru Hobekuntza, Konstituzioa, gauza anitz konpartitzen dugu. Egonkorragoa izanen litzateke gobernu bat Navarra Sumarekin. Iruditzen zait ez dutela haiek erabakiko. Pedro Sanchezek eta alderdiak Madrilen hartuko dute erabakia, pentsatuz Espainiako Gobernuan”.