Gehiengo osotik lau botora baino ez da gelditu Baztanen EH Bildu. Joan den legealdian baino bi zinegotzi gehiago eskuratu ditu eta 600 boto gehiago. Joseba Otondok alkate izaten segituko du. Oraindik ez dago argi gehiengo oso hori eskuratzerik izanen ote duten, izan ere, baliogabetzat jo zituzten zenbait boto erreklamatu egin dituzte. Dena dela, emaitzek erakusten dute Otondoren ustez ongi jorratutako bidea egiten ari direla eta zenbait egitasmoren aurrean argi geratu dela zein den baztandarren nahia.
Aroztegia proiektua aipatu du alde batetik, baina bestelako egitasmoak ere badira tartean. Landa eremurako pentsatutako proiektu oso bat dute martxan EH Bildutik eta azken zortzi urteotan ereindakoarekin aurrera segitzeko aukera izanen dute. Orain arte gutxiengoan aritu dira Baztango udala gidatzen Baztango Ezkerrarekin elkar harturik. Oraingoan, gehiengo osoz ariko dira.
Alkatetzan segituko du beste lau urtez Baztanen EH Bilduk. Berarekin batera ariko da Baztango Ezkerra ere eta oposizioa geratuko dira Navarra Suma hiru zinegotzirekin eta Geroa Bai bi zinegotzirekin.