“Duela lau urte ere EH Bildutik apustua egin genuen, esan genuen aldaketa posible zela, eta asmatu genuen”, ekarri du gogora Ruizek. Gaur bertan, Diario de Navarra-k Uxue Barkosi egindako elkarrizketa argitaratu du. Horretan, “anbizio gutxi” sumatu du Ruizek, eta “zalantza gehiegi, laukoaren jarraipenaz gehiengo osoa lortzen ez bada”. Izan ere, EH Bilduren zerrendaburuaren aburuz, “gehiengo osoa ez lortuta ere laukoak beti izanen ditu parlamentari gehiago PSNk baino, edo Navarra Sumak baino”.
Gauzak horrela, bere koalizioa indartsu dakusa Ruizek: “Legealdi honetan EH Bildu funtsezkoa izan da aldaketa aurrera ateratzeko, eta orain aldaketaren aldekoen artean lehen indarra izateko eta lidergoa hartzeko moduan dago”.
"Aukerarik badu, PSN Navarra Sumarekin elkartuko da"
PSNk EH Bilduri ezarri dion betoaren aitzinean, irmo azaldu da Ruiz: “Ez diot sinesgarritasunik ematen, ez dut aurreikusten PSN beto hori ezartzeko moduko emaitzak ateratzerik”, dio Ruizek; izan ere, “herritarrek memoria ona dute, eta badakite iraganean eta baita legealdi honetan ere, PSN beti lerratu dela erregimenaren alde eta aldaketaren aurka”.
Bestalde, EH Bilduren zerrendaburuak “urduri” dakusa eskuina: “Badakite lehen indarra izanen direla, baina ez dutela gehiengo osorik lortuko, krisian dago UPNren proiektua, horregatik egin dute bat haien autogobernuaren aurka egiten duen Ciudadanos bezalako alderdi batekin”.
Ruizen ustez, “pozgarria” da eskuinaren “diskurtso apokaliptiko eta identitarioak gero eta oihartzun gutxiago edukitzeak, eta herritarren artean bizikidetzaren eta eskubideen aldeko diskurtsoa gailentzea”.