Aznarezek dio Ahal Dugu-ren lehentasuna laukoa errepikatzea dela, PSN ez delako fidagarria: “Alderdi sozialistak autokritika egin behar du. Ongi berraztertu behar du abuztukada, martxokada eta legealdi honetan egin duena; izan ere, bozketen %90ean UPNrekin bat egin du. Ez du inoiz aldaketaren alde egin. PSN erregimena da”.
Ahal Dugu-ren hautagaiari “deigarria” egiten zaizkio PSNk finkaturiko marra gorriak: “EH Bilduri bat jarri dio, baina Navarra Sumari ez, Nafarroara zorra eta murrizketak ekarri zituen indarrari, ez”.
Espainiako Diputatuen Kongresuan, PSOE eta Podemos negoziazioetan ari dira, gobernua osatzeko. Aznarezen arabera, horrek ez du eraginik izanen Nafarroan: “PSOEren sukurtsal bat da PSN. Baina gu ezberdinak gara. Nafarroako Ahal Dugu ez da Podemosen sukurtsal bat. Erabakitzeko eskubidea dugu. Pablo Iglesiasek argi esan zuen aurrekoan Iruñera etorri zenean”.
Aznarezek, bestalde, ez du ulertzen PSNren zerrendaburua Maria Txibite prest izatea Voxen botoak onartzeko lehendakaritzara iristeko. “Memoria historikoaren, emakumearen, gizarte aurrerakoiaren, skolaeren kontra dagoen Vox bezalako alderdi bat nahi al du bidelagun PSNk?”, galdetu du.
Aznarezen sasoiko dakusa haren alderdia: “Ahal Dugu ezinbestekoa izan zen 2015ean aldaketa eragiteko Nafarroan, eta ez ahaztu duela hilabete lortu genituen 70 000 botoak”.
Legealdian alderdian izan dituzten tira-birei buruz, Aznarezek dio denborak bakoitza bere lekuan jarri dutela: “Orain Bai-ko kideak azkenean etxera joan dira, eskuinari mesede egin eta gero. Jendeak argi ikusiko eta baloratuko du hori”. Halaber, haren aburuz, “transfugak izan dira, eta arazoa Ahal Dugu-ri ez ezik laukoari eragin diote, eta laukoak ez du jakin behar bezala erreakzionatzen”.
Bestalde, Izquierda Ezkerrarekin eta Aranzadirekin hautagaitza bateratuak lortzen ahalegindu direla esan du Aznarezek, “baina haiek nahiago izan dute bakoitza bere aldetik aurkeztea, batera emaitza hobeak lortuko balira ere”.
Ahal Dugu-k ez du zuzenean parte hartu foru gobernuan. “Horrek sendotasuna eman dio gobernuari”, azaldu du. Nolanahi ere, laukoak gehiengo osoa errepikatzen badu, Ahal Duguk gobernuan egon nahiko du: “Lau urte hauetan horretarako beharrezkoa den heldutasuna lortu dugu”.
Laukoak sustengaturiko gobernuak egindako lanaz harro azaldu da Aznarez: “Gogoan izan behar dugu UPNren gobernuak 3.500 milioiko zorra pilatu zuela. Guk zorra murriztu dugu, baina urtero 400 milioi euro gehiago bideratuz gastu sozialetara”.
Aznarez parlamentuko presidente izan da azken lau urteotan (oraindik bada, jardunean). “Pozik nago egindako lanaz, lehendabiziko aldiz independentzia eman baitiogu karguari, gobernuaren petik atera dugu, eta herritarrengana hurbildu dugu”.
Hori horrela, laukoak gehiengo osoa berriz lortuko balu, Aznarez berriro presidente izateko prest legoke.