Hauteskunde sindikalak izanen dituzte gaur 27.000 langile publikok

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 22a, 07:55

>14 erakundetako 3.711 hautagai izanen dituzte aukeran eta guztira 264 ordezkari hautatu beharko dituzte. 
>Administrazioko sail desberdinetarako 96 hauteskunde mahai izanen dira antolatuak. 
>7:00etatik 23:00etara eman ahal izanen dute botoa administraziorako lanean ari direnek. 

27.105 langile publiko daude deituak hauteskunde sindikaletara. Gaur izanen da horretarako aukera 7:00etatik 23:00etara. Administrazioko 14 erakundetako 264 ordezkari aukeratu beharko dituzte eta guztira 3.711 dira hautagaiak: LAB sindikatuak 724 hautagai ditu; ELAk 500, CCOOk 480, UGTk 437 eta AFAPNAk 419. Horiek dira ordezkari sindikal nagusiak baina bestelakoak ere izanen dira gaurko bozketa horretan: ANPE, STEILAS, APS, CSIF, USAE, SATSE, USAE, SMN, STAJ eta USO. 

Gaur ez da dena erabakiko

Administrazioko arlo guztietan ez dira gaur izanen hauteskunde sindikal horiek. Ekainaren 10ean izanen dute horretarako aukera foruzainek, adibidez. Guztira 1.070 hautesle izanen dira deituak eta 23 ordezkari hautatuko dituzte. Era berean, Osasunbidean ere beranduago izanen da hautaketa hori: heldu den urterako utziko dituzte. Osasun arlo horretan hauteskundeak pasa den 2016ko uztailaren 1ean izan zituzten. 

2015-2016ko emaitzak

2015eko maiatzaren 20an egin zituzten azken hauteskunde nagusiak administrazio publikoan. LABek eskuratu zuen gehiengoa 74 ordezkari erdietsita, ELA izan zen bigarren indarra 44rekin, CCOO gero 41ekin, AFAPNA 26rekin, eta UGT zein SMN 19rekin. Beste hamaika erakundek ere eskuratu zituzten ordezkariak: SATSEk 11, ANPEk, CSIFek eta STEILASek 10, SPA 9, APF 8, USAE 6, STAJ 4, APS eta USO 3 eta ESKk 2. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!