Igandeko hauteskundetako emaitzak ezagutu ditugun honetan, egokia izan daiteke, mendialdeko Olentzero politikazaleari eskutitza idaztea, maiatzaren 26an eskuzabala izan dadin.
Hortaz, Olentzero maitea:
Nafar tradizionalistaz mozorratuta, liberal diruzale espainiarrei ez diogu ezer eskatuko; normalki dena haientzat gordetzeaz gain, besteona ere hartzen baitute. Fabricio de Potestad Menendezi, hau da, PSNko presidenteari, Ferrazen Pedro Sanchezi erregutzen ziotena errepikatu iezaiozu, Olentzero: Con Rivera no, con Rivera no! eta María Chiviteri belarrira esan: Con Vox tampoco! PSNk, beste behin ere, norabidea GAL ez dezan.
Ikazkin maitea, Nafarroako Unidas Podemosekoek haien web orria euskaratu dezatela eskatu nahi nizuke eta, bide batez, Feliu jauna agurtu dezazula nire partez, purutasunetik babesteko araoa poltsikoan sartzen diozun bitartean. Alderdi abertzaleei, elkarrekin lan egin dezatela. Eta bukatzeko, Voxekoei eskerrak eman iezaiezu, hemendik aurrera jakin ahal izanen dugulako frankista anabolizatuak gure herri eta hirietan nortzuk diren.