LAB sindikatuak bi hitzordu nagusi ditu egun horretarako. Bata, Baionan eta bestea Iruñean. Faxismoari eta kapitalismoari aurre egiteko tenorea dela-eta, indarrak batzera deitu ditu langileak LAB sindikatuko Nafarroako arduradun Imanol Karrerak. Iruñean, debekuak debeku, Gazteluko plazatik abiatuko dute eguerdian manifestazioa.
Lan istripuetako datuek hotzikarak sortzen dituztelako beharrezkoa da aldarrikapenak egitea. Administrazioei baliabideak exijitu behar zaizkie eta enpresariei neurriak har ditzatela. Hala uste du ELA sindikatuko Nafarroako arduradun Imanol Pascualek. Manifestazio nagusia Iruñean eginen du ELA sindikatuak 12:00etan Gurutze plazatik abiatuta.
Comisiones Obreras UGT sindikatuarekin batera aterako da kalera asteazkenean. ‘Pertsonak Lehenengo’ goiburuarekin herritarrak erdigunean jartzeko beharra nabarmenduko dute. Autobus geltoki zaharrean abiatuta Nafarroako Enpresarien Elkartean amaituko dute manifestazioa 12:30etan hasita.
Prekarietatearekin amaitu eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko baliatuko dute sindikatuek Maiatzaren Lehena. Ospakizunetarako tartea ere izanen da, lortutakoak goraipatu eta aurrera egiten segitzeko modu gisara.