"Gaur egun seguruago eta lasaiago nago. Lau urte hauetan egindako lanarrekin pozik eta harro. Noski izan dira hobetu zitezkeenak". Nafarroa "hautsia" eta "enfrentatua" jaso zutela adierazi du, eta Uxue Barkosen gobernua horri "buelta" emateko gai izan dela azpimarratu du: "Aurreko legealdietan jasandako murrizketei buelta eman diegu, garapen ekonomikoa bultzatu dugu, autogobernua defendatu dugu eta eskubide sozialetan sakondu dugu”. Hori "lagun" dutela sinetsita, baikor begiratzen die Koldo Martinezek igandeko hauteskundeei. CIS galdetegian Geroa Bai alderdiagatik galdetu ez izana "manipulazio hutsa" dela salatu du. "CISeko zuzendariak biharamuean esan zuen ez zuela sinesten. Inkestak, inkestak dira".
Leloaz galdetuta, UPN, PP eta Ciudadanos alderdiek osatutako Navarra Suma koalizioari erreferentzia egin dio Martinezek: "Navarra no se toca leloa zergatik? Argi eta garbi ikusten dugulako foruen kontrako eta demokraziaren kontrako alderdiek bat egin dutela". Azken 40 urteotako Nafarroaren autogobernuaren kontrako "mehatxurik handiena" dela dio. "Nafarroa ukitu behar bada, guk geuk, nafarrok, ukituko dugu; baina kanpotikan ez dadila inor etorri kanpotik gere foruak, autogobernua, eskubide sozialak, lortutako garapen ekonomikoa, integrazioa eta kohesio soziala ukitzera".
Nafarroako Gobernuari begira egindako akordioa dela uste du zerrendaburuak."UPN Uxue Barkosen gobernuaren beldur da. Pentsatzen du hori dela bide bakarra Uxue Barkos gobernutik kanporatzeko. Baina oker daude, euren siglak saldu dituzte. Bere suizidio politikoa sinatu du Esparzak".
Pedro Sanchezen balizko inbestidura baten aurrean, PSOEri botoa emateko prest azaldu da Geroa Baiko zerrendaburua, "demokrazia sakontzen eta autogobernua errespetatzen badu". Ciudadanosekin bat eginez gero, berriz, Geroa Baik ez lioke botorik emango. "Zoritxarrez susmo hori daukagu. Ez gara fidatzen", adierazi du. Behin baino gehiagotan aipatu du Marinezek PSOE eta PSN ez direla fidagarriak. "PSOE ez da boto fidagarria, hala ikusi dugu behin eta berriz, azkenekoa, Trafikoko eskuduntzarekin gertatutakoa"