Altsasuko taberna batean emakume bati egindako bortxaketa sexu erasotzat jo du Auzitegi Gorenak

Euskalerria Irratia 2019ko api. 26a, 09:38

2016ko otsailan gertatu zen bortxaketa hura taberna bateko komunetan. Emakumearekin sartu zen gizona, atea itxi eta bortxatu egin zuen. Nafarroako Auzitegiak ez bezala, abusuagatik zigortu zuen gizona, Auzitegi Gorenak eraso sexualtzat jo du gertatutakoa frogatua dagoelakoan bortizkeria erabili zuela gizonak. 

Auzitegi Gorenaren arabera, sexu eraso gisa kalifikatzeko indarkeriazko elementuak izan ziren Altsasuko kasuan. 2016ko otsailaren 6an ospatzen ari ziren kintoen jaien testuinguruan izan zen bortxaketa. Epaimahaiak frogatutzat eman duen kontakizunaren arabera, biktima edanda zegoen, eta une batean komunera joan zen; gizonenenean sartu zen, emakumeena okupatuta zegoelako. Erasotzaileak atzetik jarraitu zion; komun berean sartu zen, eta atea kisketarekin itxi zuen. Emakumeak hainbat alditan esan zion harremanik ez zuela nahi, baina halere erasotzaileak ukituekin jarraitu zuen; besotik heldu eta burua paretaren kontra jarri ostean, bortxatu egin zuen. Gorenaren arabera, ezin da esan erasotzaileak indarkeriarik erabili ez zuenik eta biktima ikaratzeko asmorik ez zuenik, Nafarroako auzitegiak esan zuen moduan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!