Pertsonak erdigunean jartzea, pribilegioen deusestapena eta aberastasunaren banaketa dira Unidas Podemos lehentasun nagusiak. Aldaketa politiko "sakonak" gauzatzeko Unidas Podemos "giltzarri" dela adierazi du. Jone Belara da zerrendaburua Nafarroan.
Nafarroaren interesak defendatzeko Unidas Podemos da aukerarik onena, Lucia Otero zerrendan 4.aren ustez. "Autogobernua noski defendatu behar da, gure izaera eta gure instituzioak, eta gure ustez hobeto defentzen da hori Kongresuan diputatuen gehiengoa baldin badugu".
Navarra Suma foru erregimena deusesta dezakeen arrisku bat dela uste du. "Espero dezagun nafarrek hori kontuan hartzea, eta botoek zigortzea. UPNk saldu egin du autogobernua".
Inkestek jaitsiera iragarri dute Unidas Podemosentzat. Dena den, hautagaia ez da ezkor azaldu: "Gauza ziurrik ez dago. Baina guk uste dugu, adinekoen botoa, kontserbadoretzat hartu izan dena, oraingoan ez dela halakoa izango". PSOErekin gobernua osatzea da Unidas Podemosen helburua; eta balizko Pedro Sanchezen inbestidura batean, PSOErekin bat egiteko prest da Unidas Podemos, baina "dudarik gabe baldintza sendoak" ezarriko dituztela gaineratu du.
Ahal Dugu alderdiaren barne zatiketez galdetuta honakoa adierazi du: "Autokritika egin dugu. Uste dut gertatu zaigula beste kolektibo gehienetan gertatzen dena. Desadostasunak kudeatzen ez dugu behar bezala asmatu, egoaren kudeaketa pertsonalaren gabezia egon da, eta horri gehitzen badiogu liskarrak hedabideetara atera direla eta aprobetxatu dituztela, dena esanda dago. Ez gaude hasierako egoeran". "Podemosek daukan proiektua bizirik dago".