Errenta aitorpenean 'gizarte helburuak' laukitxoa hautatzearen garrantziaz jakinarazi dute

Euskalerria Irratia 2019ko api. 10a, 13:36

Norberak laukitxo hori markatzean, zergen %0,7 Gizarte Helburuak finantzatzera bideratuko da, alegia, Gobernuz Kanpoko Erakunde horiek prestatzen dituzten programak babestera.

Errenta aitorpena egiteko egunetan gaude eta Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeek ohartarazi nahi izan dute Gizarte Helburuak izeneko laukitxoa markatzeak duen garrantzia. Aurten dei berezia egin diete gazteei, edo lehen aldiz errenta aitorpena eginen dutenei, horiek izaten baitira askotan, ezjakintasunagatik maiz, hutsik uzten dutenak laukitxoa. 

Norberak laukitxo hori markatzean, zergen %0,7 Gizarte Helburuak finantzatzera bideratuko da, alegia, Gobernuz Kanpoko Erakunde horiek prestatzen dituzten programak babestera. Laukitxo hori markatzeak ez du eraginik izanen norberaren errenta aitorpenean: ez da diru gutxiago itzuliko ez eta gehiago ordaindu beharko ere. Hori ere argi utzi nahi izan dute.

Aipatu duten bestea: Espainian, Diputatuen Kongresuan duela gutxi onartu zela, norbanakoek egiten dugun aitorpenean agertzen den Gizarte Helburuetarako laukitxoa agertu dadila ere Sozietateen Gaineko Zerga aitorpenean ere. Beste diru iturri garrantzitsua izanen litzatekeela uste dute.

Iazko errenta aitortzeko kanpainan guztira 233.000 herritarrek markatu zuten gizarte helburuetarako laukitxoa, %47,63ak,  eta modu horretan zortzi milioi eta zortziehun mila euro bideratu ziren programa sozialetarako. Laukia hutsik uzten duten aitortzaileen %19ari dei egin diete bereziki: marka dezatela gizarte helburuak laukitxoa errenta aitorpena egiterakoan, baita, egina iristen bazaie ere internet bidez edo dei bat eginez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!