Nafarroara itzuli da KORRIKA. Ordu txikiak Bortzirietan eman ditu. Bera, Lesaka, Igantzi eta Etxalar zeharkatuta, Iparraldera itzuli da asteleheneko lehen argiekin. Goizeko seiak aldera, berriro Lapurdin. Saratik Azkainera, Senpere geroztik, Ezpeleta eta Ainhoara.
Hamaiketako ordurako Baztanen sartu da KORRIKA. Amaiurren egin du lehen agerraldia, eta hortik eguerdirako Elizondon sartu da, baztandarren berotasunean. Baztanetik hegoalderako bidea hartuta, Leitzaldean sartu da, 2. edizioz behin egin ohi duen moduan. Leitzarrek pozez hartu dute 21. edizioa, duela 4 urte egin zuten moduan.
Larraunera iritsi da ondoren KORRIKA eta Lekunberrin egin du bere agerraldi jendetsua lehenik eta behin. Ultzama, Basaburua, Odieta, Atetz, Imotz... horietan guztietan hamaika hitzordu dago jada. Esaterako, Imozko herrietatik bi pasaldi eginen ditu KORRIKAk hiru orduko tartearekin. Tarte horretan Muskizko Itsasoneko elkartean elkartuko dira imoztarrak, afalduz indarrak hartzeko eta KORRIKAri berriz ere giro onean itxoiteko. Odietarrak berriz, Gelbentzun elkartuko dira seietatik aurrera KORRIKA etortzen denerako motorrak berotzen joateko, gaueara arteko giroa ziurtatu izanen dute. Eta Atetzen Aroztegiko kanpinean elkartuko dira ateztarrak, afaldu eta motorrak berotzen joateko. Gauak luze joko du bailara hauetako herri gehienetan.
Gauerdiarekin Sakanara iritsiko da KORRIKA. Beste behin ere sakandarrek gauarekin batera harrera eginen diote KORRIKAri, Irurtzunetik sartu eta Ziorditik alde eginen du KORRIKAk, Altsasun Altsasuko Gurasoek protagonismo berezia hartuko dutelarik, Altsasukoak Aske plataformarekin batera. Altsasuk eta Sakanak herritik kanpo diren gazteak gogoan izanen ditu KORRIKA egun hauetan ere.