Nafarroako Parlamentuko zarata politikotik at, Uxue Barkos lehendakariak gizartea lasai dakusa. “Kalera ateratzen bazara, jendea lasai ikusten duzu, lasaitasunez hartzen dute azken lau urteotan gizartean gertatu den aldaketa sakona”, adierazi du Barkosek, Euskalerria Irratiak Nafarroako Jauregian egin dion elkarrizketan.
Egonkortasunaren legealdia
Nafarroako Aldizkari Ofizialak gaur plazaratu du maiatzaren 26an foru hauteskundeetara deitzen duen dekretua. Legealdia baloratzeko tenorean, lehendakaria “asebeteta” azaldu da: “Lau aurrekontu eta ehundik gora lege onartu ditugu. Aldaketa sakonaren oinarriak jarri ditugu, eta horrek datorren legealdian segida eskatzen du”.
Barkosen ustez, egonkortasuna izan da legealdiko ezaugarri nagusietako bat, gobernua hainbat alderdik osaturiko lau koaliziok osatua izanagatik ere. “Egonkortasuna berez lortzen dela ematen du, baina lan handia dago horren atzean. Ezin da ahaztu lau urte hauetan, Espainian lau gobernu ezberdin izan dituztela”, azaldu du. Haren irudikoz, aldaketaren aldeko indarren artean “leialtasuna eta ardura” izan dira nagusi, “eta desadostasunak izan badira ere, horiek ongi kudeatzen asmatu da”.
Foru lehendakariaren aburuz, laukoaren barruan tentsio unerik handienak Maravillas Gaztetxearen husteak eragin zuen: “Irtenbide negoziatu eta adostua lortu nahi izan genuen, baina beste aldean ez zegoen horretarako borondaterik” esan du. “Gobernuak interes orokorraren alde jokatu zuen, eta halakoetan erabili beharreko tresnak ez dira errazak”.
Oposizioaren diskurtso “zaratatsua”
Laukoan desadostasuna eragin duen aferetako bat hizkuntza politika izan da. Barkosen hitzetan, “Euskararen Legea ez da aldatu horretarako gehiengorik ez dagoelako, Izquierda Ezkerrarekin hasieratik ez zelako halakorik adostu, argi utzi zuelako ez zuelako nahi lurralde osoa berdinduko zuen lege berri bat”. Nolanahi ere, alor honetan, bereziki hezkuntzan, egin diren aurrerapausoak nabarmendu ditu.
Eskuin politikoak eta mediatikoak euskararen aurka ibili duten diskurtsoa kritikatu egin du lehendakariak: “Inposizioaren diskurtsoa zabaldu nahi izan dute, batez ere Erriberan, baina hori ideia faltsu bat da”.
Oposizio politikoak eta mediatikoak oro har diskurtso “zaratatsua” erabili duela deritzo Barkosek. Baina zarata horrek ez duela gizartea aztoratu gaineratu du. Horren adibidetzat, manifestazioak aipatu ditu. “Errespetu osoa” azaldu die Ikurren Legearen, Euskararen eta Skolaeren aurka kalera atera diren herritarrei, “manifestazioak beti direlako herritarren sentimendu edo ezinegon baten isla”. Baina nabarmendu du manifestaziook “indar gutxi” eduki dutela Altsasuko auziaren aurka egindakoekin alderaturik.
Hauteskundeetara begira, baikor
Datorren legealdira begira, Barkos lehendakariaren “lehen aukera” laukoa errepikatzea da, “ahal bada indar gehiago gehituz”. PSNk EH Bilduri betoa ezarria dioela galdetu zaiolarik, erantzun motz eta adierazgarria eman du: “Hori PSNren arazoa da, ez nirea”.
Navarra Suma koalizioari dagokionez, gogoeta bakarra egin du Barkosek: “Beldur naiz, UPNk horren erraz zabaldu diolako foru parlamentuaren atea, hain zuzen ere foruen kontra dagoen Ciudadanos bezalako indar bati”.
Casadoren "astakeria"
Lehendakaria gaur ezaguturiko erregistraturiko langabezi datuez mintzatu da: martxoan 146 langabe gutxiago izan ziren foru erkidegoan. Barkosen arabera, datua “ona” da, nahiz eta ez iritsi beste martxo batzuetako hobekuntzara, “baina horretan zerikusia dauka Aste Santua lehenago ala geroago iristen den”. Nolanahi ere, nabarmendu du legealdia hasi zenetik 10.000 langabe gutxiago daudela gurean: "Joera hori da garrantzitsuena".
Trafiko transferentziari dagokionez, Barkosek dio Nafarroako Gobernuak irits dadin egin beharreko "lan guztia" egin duela, baina ez dakiela Sanchezen gobernuak bere hitza betetzerik izanen duen. Auzi horren harira, atzo Pablo Casadok esan zuen edonola ere Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibvilak beti egon beharko dutela polizia autonomikoen gainetik. Barkosen aburuz, hori “astakeria” bat da, polizia elkarte espainiarrek aitortu duten bezala. “Casado probokaziotan ari da, berak jakinen du zergatik”.