Martxoaren 25ean, Nafarroako Ikastolen Elkartean (NIE) ospatutako azken
Asanbladan, karguak berritu ziren eta aho batez erakundearen lehendakari Elena
Zabaleta Andresena izendatu zen, karguan Mikel Asiain ordezkatuz. Halaber, Aitor
Uriarte Arana lehendakariorde izendatu zen, Susana Garralda Perez ordezkatuz.
Elena Zabaleta (Oronoz, 1978) NIEko hamahirugarren lehendakaria izango da
eta erakundearen sorreratik Julio Altadillek, Ramón Mintegik, Patxi Arzek, Jesús Bueno
Asínek, Txomin Izkok, Gorka Nicuesak, Fermin Altzugaraik, Aingeru Epaltzak, Xabier
Azanzak, Izaskun Arratibelek eta Pello Irujok, Mikel Asiainek bete zuten kargua bere
gain hartu du.
Elena Zabaletak Enpresa Zientzietan diplomatua eta Enpresaren administrazioa
eta kudeaketan lizentziaturaren ikasketak ditu. Baztan Ikastolako lehendakari izan da
(2013-2015) eta azken urte honetan Nafarroa Oinez ospatu zuten. Gaur egun, Baztan
Ikastolako Guraso Elkarteko harreman instituzionaletarako arduraduna eta Baztan
Udal Patronatuko kide, baita NIEKo Nafarroa Oinezeko batzordeko kide ere.
Izendapenaren ondorengo bere lehen hitzetan, bere asmoa da lan eta
berrikuntza ildoari jarraipena ematea da, aurreko lehendakariek egin zuten moduan.
“Ikastoletatik ahalegin berezia egiten jarraituko dugu, batetik, irakasleen
etengabeko formazioan, eta, bestetik, familien inplikazioan eta parte-hartzean ere,
guztien artean helburu nagusitzat ikasleen konpetentzia pertsonal eta sozialen
garapena dituzten hezkuntza zentroak lortzeko; hala nola, egiten ikastea konpetentzia;
hizkuntza konpetentziak, euskara ardatz zentrala izanik, eleaniztasuna sustatuz...
Europako arauek planteatzen dutenarekin bat eginez”. Halaber, adimen emozionalaren
garapen sistematikoaren alde ikastolek egindako apustua azpimarratu zuen, gure
seme-alabek pertsona zintzoak izaten, eta, aldi berean, bizi diren gizartearen elementu
aktiboak izaten ikas dezaten.
Kooperatibista guztien –gaurkoak zein aurrekoak– ezinbesteko esku-hartzea
nabarmendu zuen, hezkuntzarekin eta kulturarekin lotutako mugimendu honek
indartsu jarrai dezan.
Euskararen erabilera eremu akademikotik haratago eramateko lana funtsezkoa
kontsideratu zuen, teknologia berrien erabilera trebetasunak ahaztu gabe.
“Ezinbestekoa da talde lana bultzatzen jarraitzea eta auzolana balioan jartzea,
mugimendu honen nortasun-ezaugarri bezala. Elkarlan horri esker ikastolen jaiotza eta
garapena posiblea izan da, herritik sortutako eta herriarentzat lan egiten duten
eskolak. Ikastolen izaera aitzindaria eta berritzailea, hezkuntza berritzeko eta, une
horretara arte sarbiderik izan ez zuen eremuan, euskara irakaskuntzan komunikaziohizkuntza izatea lortzeko etengabeko saiakera indartzea, hain zuzen ere”.
Kargua uzten duen lehendakariak, Mikel Asiainek, bere aldetik, ikastolen
mugimenduan izandako ibilbidea gogoratu zuen, azpimarratuz "ikastolen
mugimenduak gure seme-alaben hezkuntzaren alde lan egiteko aukera eskaintzen
digu. Ikastolak, kooperatibak diren aldetik, ikastetxeen kudeaketarekin zerikusia duen
guztiaren zuzeneko eta eguneroko zereginetan parte hartzeko aukera ematen digu, bai
alderdi ekonomiko-administratiboetan, bai eta lerro pedagogikoekin lotura zuzena
dutenetan ere. Gure esku dago erabakiak hartzeko gaitasuna, eta horrek argi eta garbi
bereizten gaitu ikastetxe publikoetatik eta sare itunduaren ikastetxeetatik ere".
Amaitzeko, bere hitzetan, "niretzako plazera eta ohorea izan da mugimendu
honen ordezkari izatea, hasiera batean 15 ikastoletatik batean, eta, azkenik, guztiak
biltzen dituen Elkarte honetan”.