Nafarroako Gobernuak LGTBI+ Kontseilua sortu du

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 27a, 16:04

Nafarroako Parlamentuak LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko Legea onetsi zuen eguneko irudia

LGTBI+ taldeak, gazteria, adineko pertsonak, sindikatuak eta FNMC, besteak beste,  egonen dira ordezkatuta kontseilu berri honetan.

Nafarroako LGTBI+ Kontseilua sortu du Nafarroako Gobernuak gaurko bileran onartutako foru-dekretuaren bidez. Horrela betetzen da 2017ko LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako legeak agintzen zuena.

Kontseilua kide anitzeko organoa izanen da, aholku-emaile izaerakoa, eta LGTBI+ pertsonen eskubide eta betebeharren gainean herritarren parte-hartzea antolatuko du.

 

Eginkizun nagusiak

Organoaren eginkizun nagusiak hauek izanen dira: LGTBI+ pertsonen berdintasunerako derrigorrezko txostenak egitea; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuen jardueran hobetzeko proposamenak egitea; LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala sustatzeko eta bultzatzeko neurriak proposatzea; eta sexu-orientazio, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitatearen bidezko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioaren diskriminazio- edo urratze-egoerak jakinaraztea eskumeneko organoei, horien berri jakiten dutenean.

Era berean, Kontseiluak urtero jasoko du Nafarroako Gobernuak egindako txostena, eta, bertan, sexu-orientazio, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitatearen bidezko dibertsitatearen aurkako tratamenduaren testuinguruan detektatutako ekintzak jasoko dira.

Osaera

Kontseiluko kideak honako hauek izanen dira: Nafarroako Foru Komunitateko edo erakunde autonomoetako Administrazioko Departamentuetako bost ordezkari, osasunean, hezkuntzan, eskubide sozialetan, justizian, gazterian, barnean, enpleguan eta kirolean eskumena dutenetakoak; gizarte-ehuna edo Nafarroako LGTBI+ taldeak eta erakundeak ordezkatzen dituzten zortzi pertsona; Nafarroako gazteria ordezkatzeko pertsona bat, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak proposatuta; adineko pertsonak ordezkatzen dituen pertsona bat, Nafarroako Adineko Pertsonen Kontseiluak izendatua; LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsan edo arretan pertsonalki edo profesionalki nabarmena den pertsona bat, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako eskumeneko erakundeak proposatuta; Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ordezkatzen duen pertsona bat, horrek proposatuta; eta Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza gehien duten lau erakunde sindikal bakoitza ordezkatzeko pertsona bat.

Kontseiluaren lehendakaritza-kargua izango du LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako politiketan eskumena duen Departamentuko titularrak; hau da, une honetan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollo Hualdek; lehen lehendakariordea izango da LGTBI+ pertsonen berdintasun sozial arloan eskumena duen erakundeko Zuzendaritza-Kudeatzailetzaz arduratzen den pertsona, INAI-NABIko zuzendari kudeatzailea, Mertxe Leranoz; eta bigarren lehendakariordea Nafarroako LGTBI+ taldeak ordezkatzen dituen pertsona, Kontseiluak berak izendatua kideen artetik.

Nafarroako LGTBI+ Kontseiluaren funtzioak betetzeko, lan-batzordeak eratu ahal izango dira, duten interesa dela-eta horrela eskatzen duten gai ezberdinak aztertze aldera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!