Bi aldarri nagusi Altsasuko elkartasun manifestazioan: justizia eta askatasuna

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 25a, 07:50

Altsasuko Gurasoak taldetik adierazi dute 60.000 lagun izan zirela igandeko manifestazioan. Altsasuko Auzian zigortutako gazteen askatasuna eskatzearekin batera justizia egin dadila ere galdegin dute. 

Altsasukoak Aske plataformak eta Altsasuko herriaren izenean eskerrak eman dizkiete gaur eguerdian Sakanako herrian bildutako pertsona guztiei.

“Eskerrik asko esan nahi dizuegu gurekin jarraitzen duzuela ikustean sentitzen dugun indarragatik, izan ere, bi urte pasa eta gero hemen gaude, elkartasun erakustaldia ematen. Mila Esker!! Gora zuek!!”

 


Ekitaldi osoa ikusgai.

“Duela egun batzuk, Auzitegi Nazionalak erakutsi zigun Franco garaiko “Tribunal de Orden Público”-aren oinordekoa dela”, esan dute. Altsasuko gazteen aurkako zigorrak berretsi ditu Auzitegi Nazionalak eta horrela “erakutsi du egia arbuiatzen duela, justizia arbuiatzen duela, eskubide zibilak eta berme prozesalak arbuiatzen dituela”, salatu dute.

Auzitegi Nazionalak “Salbuespen Auzitegiaren” papera egin eta Nafarroako auzitegiari zegokion kasua bereganatu duela ere gogoratu dute. “Irregulartasunez beteriko epaiketa batean, Goardia Zibila non-nahi agertzen da: epaimahaiarekin harremana, akusazio partikular gisa aurkeztua, perito gisa aritua, testigantzak jaso aurretik txosten egile bezala…” Era berean, ez herriak jasan duen okupazio militarra salatu dute.

Epaiketaren kutsu politikoa ez dute ahaztu nahi izan. “Argi dago epaia interes politikoen ondorioa dela. Komunikabide batzuek lagundurik, fikziozko errealitatea asmatu zuten, zeinak, sorturiko sufrimenduaz gain, giza ondorio larriak eragiten ari dituen: epai eredugarriak, 6 urtetako kartzelaldi prebentiboak, diskriminazio ideologikoen ondoriozko kalteak…”

Altsasukoak Aske plataformaren hitzetan “gero eta argiagoa da” epaiketan horren atzean “zer dagoen”. “Krudelak dira, min eragiten digute eta sufrimenduan sakondu egiten dute, baina irabazten ari gara eta gaur, hemen, ikusten eta entzuten ari gara ozen eta argi berriz ere. Oraingoan duintasuna, egia eta askatasuna gailentzen ari dira”, azpimarratu dute.

Altsasutik 50 kilometrora preso aurkitzen diren gazteei “besarkada eta txalo-zaparrada” bidali diete. “Maite zaituztegu!” ohiukatu dute.

Dena den, Altsasukoak konsziente dira ez dela soilik gazte hauen askatasuna jokoan dagoena. “Badakigu muntaia honek interes hedakorrak ezkutatzen dituela eta beste muntaia batzuk elikatu nahi dituela. Badakigu ere, lanean eta mobilizazioan bi urte baino gehiago eman eta gero, zailagoa dutela. Nolakoak diren ikustarazten ari gara. Beraien joko zikina desegiten ari gara”, ziurtatu dute.

“Hala ere, ezin gara lasaitu. Ezinbestekoa da justizia aldarrikatzen jarraitzea, ezinbestekoa da erne egotea, ezinbestekoa elkartasuna, ezinbestekoa mugitzen jarraitzea”, esan dute.

BIDEOAK: ahotsa.info

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!