El Toro hotelean sinatu dute ituna UPNko Javier Esparza eta Ciudadanoseko Albert Riverak. “Akordio historikotzat” jo du Riverak, “Nafarroaren alde eta Espainiaren alde”. Navarra Suma koalizioa sortu dute akordioarekin. Ituna izenpetu bitartean egin dituzte adierazpenak politikariek. Amaituta kazetarien galderei erantzun gabe joan da Rivera.
Esparzak, ordea, erantzun ditu kazetarien galderak hoteletik irtetean. Espainiako Kongresuan inbestidurara aurkezten dena babestuko luke UPNk, horiek Casado edo Rivera balira. Joan den astean PPrekin sinatu zuen akordioa UPNk. Esparzak hala azaldu du: "Ez da hiru alderdien arteko hitzarmena. Koalizioa UPN eta Ciudadanosen artekoa da, ea UPNri dagozkion ordezkarien artean PPkoren bat egonen da".
Zerrendetan, zalantza
Zerrendeei dagokienez, lanean ari direla adierazi du Javier Esparzak. Ituna sinatu aurretik, ordea, Navarra.com agerkariak adierazi du UPNko burua izanen dela parlamenturako zerrendaburua. Bigarren, berriz, Ciudadanoseko Carlos Perez-Nievas aukertu dutela zabaldu du. Informazio hori ukatu du Esparzak.
Agerkariaren esnetan, Ciudadanosek Parlamenturako zerrendan joanen diren lau hautagaiak izendatu ditu eta udaletako 12 zerrendetan ere bere kideak goiko postuetan egotea eskatu du. Agerkariaren arabera, Alberto Bonilla 10 eta 15. postuen artean, Elena Llorente 19.ean eta Alejandro García 22. ean.
Bi alderdien arteko hitzarmenaren arabera, UPN izanen da Navarra Suma koaliziaoren barrenean gainerako hautagaiak izendatuko dituena, PPNko kide bat aurreneko postuetan jarriz. Bestalde, hauteskundeak igarotakoan, Nafarroako Parlamentuan Ciudadanosek bere talde propioa eratzeko aukera zabalik gelditzen da.
Estatuko hauteskunde orokorroei dagokienez, UPNk izendatuko ditu zerrendaren 1, 2, 3 eta 5. postuak eta Ciudadanosek 4garrena.
Senaturakoan Ciudadanosek izendatuko du zerrendako hiru hautagaietako bat eta UPNk beste biak. Praktikan, hala ere, UPNk PPri utziko dio postuetako bat, eta horrela alderdi bakoitzak hautagai bana izanen luke.
Maiatzaren 26ko Udal hauteskundeetarako Navarra Sumak zerrenda propioa aurkeztuko du Iruñea, Tutera, Barañain, Eguesibar, Aranguren, Burlata, Zizur Nagusia, Zizurko Zendea, Noain, Berriobeiti, Antsoain eta Erriberrin. Udalerri hauetarako Ciudadanosek hautagai bat izendatuko du goiko postuetan. Gainerako herrietan alderdi bakoitzak bere zerrenda propioak atera ahal izanen ditu eta UPNk aurreraratu du Lizarra, Tafalla, Altsasu eta beste 100 bat udaletarako zerrendak aurkeztuko dituela.