Ana Ollo: "Berdintasunaren bidean urratsak egin dira eta Legeak borobilduko du lana"

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 12a, 13:03

Benetako berdintasuna erdiesteko lan handia dago egiteke oraindik baina legealdian zerbitzuak eta baliabideak bideratu direla gogoan izan du Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko kontseilariak. 

Emakumeen eskubideekiko konpromiso erabatekoa eta generoen arteko arrakala txikitzeko betebeharra izanen ditu ardatz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Legeak. Aitzindaria izanen dela uste du Ana Ollo kontseilariak.

Hartara, urteotan lan handia egin da: baliabideak bideratu dira eta zerbitzu berriak daude herritarren eskura. Oraindik hori bai, bide luzea geratzen da aurretik benetako berdintasuna erdietsi arte. 

Nafarroako Berdintasun Institututik 2018an 146 ekimen egin  dira, 2017an baino %20 gehiago. Aurrekontuari dagokionez ere urtetik urtera handitu egin da eta iaz 3,5 milioi euro bideratu ziren.

Zerga arrosari aurre egiteko beharra

Zerga arrosa izenarekin ezaguna da: emakumeek zenbait produkturengatik gehiago ordaindu behar izatea. Nafarroan zenbatekoa ote den jakiteko ikerketarik ba ote den galdetu diote Ollo kontseilariari. Zerga arrosa, emakumeei bideratutako zenbait produkturi ezartzen zaien zerga gehigarria da. Baina, BEZ ari lotuta dago. Beraz, Ollok esan du hori txikitzea Espainiari dagokiola, berarena baita eskumena. Zerga hori %4ra jaisteko proposamena mahai gainean dagoela berretsi du Ollok. 

Berdintasun Institutuan aztertzen ari dira ikerketa lan bat egiteko aukera ezagutzeko zer nolako eragina duen zerga arrosa horrek gurean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!