Altsasuko auzian justizia eskatuko dute kalean martxoaren 24an

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 11a, 07:59

Manifestaziora deitu dute martxoaren 24rako, Altsasun. Epaia argitaratu ondoren iragarri dute Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa dutela.

Hilaren 24an eginen dute manifestazioa 12:00etan Altsasun. Epaia jaso eta berehala justizia eta proportzionaltasuna eskatzen segitzeko beharra dagoela uste dute. "Terrorista gisara" epaitzen ari direla salatu dute eta zigorrak neurrigabeak direla. Hauxe da agerraldian irakurri duten testua:

Ia bi urte terdi dira mina eta oinazea sortarazten digun tunel ilun batean eta oraindik ez dugu antzematen noiz izanen den tunelaren irteerako argia ikusiko dugun eguna. Justiziaren argia alegia, gure elkar bizitza arautzen duten oinarrizko eskubideak bermatzen dituen argia, eta hoien  zaintza eta babesaren arduradun nagusiak epeileek behar lukete izan.

Auzitegi Nazionala ez da Justizia ezartzen duen erakundea, ez da justiziaz ari, ez du justizia bilatzen, ez du justiziarik egiten. Erabaki berri honekin zera azaltzen du:  bere mendeku gosea;  Goardia Zibilari men egiteko nahia;  askatasun eta eskudibeen murrizketarako bidean jarraitzeko asmoa, segurtasun indarrak salbu, edozein herritar zigor daitekeen eredu  baten bidean.

Erabakiak berriro zigortzen ditu gure seme alabak, neurriz kanpoko kondenak ezarriz. Epaiak oinarritzat hartzen duen kontakizuna egia balitz ere, hainbeste urtetako kartzela zigorrak astakeriak dira nonahitik ikusita. Europan ibili garelarik, hainbat kazetarik ia zenbat hildako izan ziren galdetu izan digute. Eta egia hauxe da: kalterik larriena hautsitako orkatila da, ezpainean zauri txiki bat eta arramaska batzuk. Ez da besterik. Eta hautsitako orkatil batengatik, 72 urtetako kartzela zigorrak ezarri dizkiete.  72 urte orkatila hausteagatik.  Badira delitu askoz ere larriagoak, zigor txikiagoa jasotzen dutenak. Bestalde gainera, 2016garren aurtean bertan, 9571 gertakari izan ziren agintariei atentatu gisan jasoak.  Bat bera ere ez zen ikertu ezta epaitu terrorismo gisa kalifikatua; bat bera ere ez zen epaitu Auzitegi Nazionalean; bat berak ere ez zuen jaso halako zigorrik ezta armak erabili baziren edota autoz harrapatuak izan baziren ere.

Auzitegi Nazionalak egin duen terrorismo kalifikazioaren erabilpen maltzurrak, Lamela epaile instruktorea arduradun nagusia delarik, (bera zein lehenengo eta bigarren sententzia ebatsi duten beste epaile batzuk Goardia Zibilaren zilarrezko dominak jaso dituzte), prozedura judiziala nahastea zuen helburu, mendekuan oinarrituriko zigorra ezarri ahal izateko eta auzia bereganatzeko Nafarroako Herrialdeko Auzitegiari ebatsi.   Ez dira terrorista gisan epaitzen, bainan, terrorista bailiran zigortzen dira.  Guzti hau botere gehiegikeria izan da eta da oraindik.

Ez da neurrigabetasun kontua soilik. Judizi arloaren jarduna aurautu behar duten iritzien bahiketa da. Errugabetasun presunziorako eskubidea urratzen da, baita epaiketa justua izateko eskubidea, baita ikerketa objektiborakoa, epai mahai neutrala izatekoa eta baita ere, frogatzearen ardura akusazioren gainean dela eta gertakariak frogatu behar direla, arrazoizko zalantzatik haratago.

Ez gara hemen hasiko erabaki hontan zein aurrekoan guzti hau urratzen duten adibideak zerrendatzen. Argudio bakar bat aipatuko dugu, sententzia goitik behera bota eta akusazioen kontakizuna zalantzan jartzen duena. Gertakariak izan eta gutxira zegoena jasotzen duen bideoaz ari gara. Hor ikusten da Goardia Zibilaren sarjentua istiluan parte hartu zuen jendea bilatzen. Nolabaiteko garrantzia eman zaio sarjentuaren atorra txuri txuria ikusteari eta hori ez datorrela bat askoren artean emandako sekulako jipoia jaso eta gero. Bainan ez da kontutan hartzen, sarjentua Foruzaingoak lagunduta ustezko erasotzaileak bilatzen ari denean, egun auzipetuak dauden hiru gazte ditu aurrez aurre eta ez ditu identifikatzen, eta beste taberna batera doa bilan segitzeko. Ez baditu ezagutzen gertakaria eta minutu gutxira aurrez aurre dituenean….nola da posible ezagutzea handik egun batzuetara identifikazio saiotan edo argazkitan?? Gaur egun persona hoiek kartzelan daude eta zigor luzeak betetzen ari dira.

Ezin dugu ahazten utzi, akusazio aldearen froga bakarra salatzaileen kontakizuna dela, defentsak aldiz makina bat froga eta lekuko.  Sententziak kontakizun hori du oinarri bakar bakarrik, gure seme alabak zigortzeko. Bideo horrek frogatzen du salatzaileek gezurra diotela eta kontatu dutenaren zalantza mordoa agerian utzi. Horregatik, epaile instruktoreak eta epaimahaiak azken unera arte galerazi zuten froga hori sartzea.Hain gauza argia ikusten ez duen Epaimahai edo epaileak ez du justizi epaimahairik osatzen.

Azkenik, zera azpimarratu nahi genuke;  diskriminazio larrigarria erabiltzeak, erizpide politiko edota ideolojikoen arabera zigorran eta mendekuan oinarritzen den eredu zabal baterako atea irekitzen du. Hau, oinarrizko eskubide eta askatasunak babesten dituen zuzenbidezko Estatuaren aurkakoa da. Gizarteak arduraz hartu behar luke hau zeren eta, gaur gure seme alabak dira bainan aurrerantzean edonor izan daiteke.

Hala ere, geratzen den bide judizial guztia jarraituko dugula baieztatzen dugu.

Guzti hau dela eta, lehenik eta behin azpimarratu eta eskertu nahi dugu  jasotzen ari garen elkartasun eta babesa eskeiniz mezu uholdea. Milesker!

Mezu guzti hoiek jaso eta gizarte osoari deia luzatzen diogu: mugitzeko deia, kalera eta injustizia salatzeko gonbidapena; hurrengo asteetan herri eta hirietan mobilizazioak egiteko deia… hauxe proposatzen dizuegun leloa:

“Hau ez da justizia, Altsasukoak Aske”

“Esto no es justicia, Altsasukoak Aske”

“This is not justice, Altsasukoak Aske”…eta halakoak..

Mobilizazio guzti hoiek, bozgorailu lana egin dezatela eta indar dezatela, gaur,  hemen iragartzen dugun Manifestazioa. Martxoaren 24an izango da, eguerdiko 12tan, Altsasun eta beheko Bentatik hasita (suhiltzaileen ondoan)herriko kaleak zeharkatuko ditu “Hau ez da justizia.Altsasukoak Aske” lelopean.  Ekitaldi handia izatea espero dugu, beste bat duintasuna eta justiziaren aldeko borrokan gogoratuko duguna.

Azkenik, gonbidapena luzatzen dizuegu gure kanal eta sare sozialak jarraitzeko, bertan emango dugulako informazio gehiago, gure hausnarketak konpartitu eta baita dinamika hontan laguntzeko tresnak ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!