Greba feminista

Greba feminista babestu du Nafarroako Parlamentuak

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 4a, 18:06

Greba egitera deitu du ganberak, aho batez. Iruñeko Udalak ere bat egin du deialdiarekin.

Nafarroako Parlamentuko mahai eta eledunen batzarrak aho batez onartu du adierazpen instituzionala. Emakumearen Nazioarteko Eguneko ospakizunera batu da parlamentua, eta herritarrak greba feministarekin bat egitera deitu ditu.

Mugimendu feministaren eskakizun eta borrokei babesa agertu diete taldeek, eta berdintasunaren alorrean lege berri bat behar dela adierazi dute.

PPk salbu, gainontzeko talde guztiek aurkeztutako adierazpena izan da gaur onartu dutena.

Jarduna ez dute etengo

Greba feminista babestu, baina parlamentuko jarduna ez dute etengo legebiltzarkideek. Ezkerrak proposamen hori jarri du mahai gainean, baina parlamentuko mahaiak ez du onartu. PSNren babesa jaso du soilik.

Martxoaren 8an Sodena enpresa publikoaren inguruko ikerketa batzordea bilduko da parlamentuan. Jose Maria Roig presidente ohia eta Carlos Fernandez Valdivieso zuzendari ohiak adierazpenak eginen dituzte batzordean.

Motibazio polititikoko biktimen legearen inguruko eztabaida ere ostiralerako zegoen aurreikusia. Martxoaren 13an bilduko da batzordea horretarako. 

Iruñeako Udala ere, grebarekin bat

Iruñeko Udalak ere babestu du martxoaren 8ko greba feminista. Greba deialdiekin bat eginen du udalak, eta hiritarrei parte hartzeko dei egin die.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!