Nafarroako 70 'Dia' supermerkatuetan greba egitera deitu dute ELA eta Lab sindikatuek

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 21a, 13:19

Dia supermerkatuetako gurdiak.

LABek eta ELAk grebara deitu dituzte Dia supermerkatuko langileak otsailaren 27 eta 28an. Horrez gain martxoaren 5ean ere eginen dituzte lanuzteak eta egoera konpondu ezean martxoaren 11tik aurrera greba mugagabera deituko dituzte. 

Otsailaren 8an zabaldu zen albistea: DIA Supermerkatuen taldeak Estatu mailan gehienez 2.100 laguni eragingo dien Enplegu Erregulazio Espedientearen prozedurari ekin zion. Orduan jakinarazi zuen15 eguneko epea hasiko zela negoziazio-mahaia eratzeko. Ordutik ez dute beste berririk jaso langileen ordezkariek eta bi asteak ia agortu dira. ELAk eta LABek egoeraren honako irakurketa egin dute:

• DIAko langileek ez dute inolako ardurarik taldearen akzio eta finantzek duten egoerarekiko; arazoen jatorria izan dira zuzendaritza talde ezberdinen ez egitekoak. Azken hiletan mobilizazio eta greba ugari egin dugu, prekarietatea amaitzea eta plantilla handitzea eskatuz. DIAren etorkizuna bermatzeko kudeaketa eta zerbitzu hobea behar da; horrek eskatzen ditu langile gehiago eta lan baldintza hobeak.

• DIAko denden errealitatea Euskal Herrian analizatzeko beste ikuspuntu bat behar da. Errealitate sindikala ere ezberdina da; ELA eta LAB gehiengo sindikala gara. Horregatik, eskatzen dugu berton analiza eta negozia daitezela krisi honetara eraman duten arrazoiak, harik eta irtenbiderik egokiena erabaki ahal dadin. Hau demokratikoa ez ezik DIAko langileen aldeko defentsarik hoberena litzateke. Madrildik sekula ez da ezer onik etorri; hor dago aplikatzen diguten hitzarmen negargarria.

• Euskal Herrian ordezkaritzan nagusi izanagatik ere, inork ez du guregana jo negoziazio-mahaia eratzeko. ELA, LAB, Galizako CIG eta Aragoiko OSTA sindikatuok jakinarazi diegu zuzendaritzari, baita FETICO, CCOO eta UGT sindikatuei, mahai horretan parte hartzeko eskubidea zor zaigula. Haatik, oraindik ez dute erantzun. Informazio ofizialik ez dago, baina sindikatu horiek zabaldu dute ostiral honetan eratuko dela negoziazio-mahaia.

• Horregatik, ELAk eta LABek gehiengoa dugun espedienteak eragindako lurraldeetan (Bizkaia eta Gipuzkoa) greba deitu dugu otsailaren 27 eta 28an eta martxoaren 5ean; gainera, martxoaren 11tik aurrera greba mugagabea hasiko dugu DIA Supermerkatuetako enpleguaren eta lan-baldintzen alde.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!