Birjiñe Albira eta Baltzizkueta gaur, Irri Zikloan

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 20a, 07:46

Proposamena, 20:00etan, bikoitza izango da. Alde batetik, Birjiñe Albiraren Iruñetik Mundura eta, bestetik, Baltzizkuetaren Azken 10080 minutuen kronika groteskoa edo ez eskainiko dira.

Lehenik Iruñeko eguneroko bizitza iturri duen narrazio-sortako emanaldia taularatuko da, Birjiñe Albira antzezle eta ipuin-kontalariaren eskutik. Albirak ibilaldi luzea dauka antzerki-munduan, Trokolo antzerki-taldeko kide izan da eta hainbat antzerki-talde zuzendu ditu, direla amateurrak direla antzezle gazteenak. Halaber, bakarrizketaria da, eta, bere ondoren arituko den antzezlea bezala, Irrizikloan ohiko partaidea.

Baltzizkueta (Aitor Txarterina Fuentes) ipuin-kontalari, idazle eta antzerki-kritikari bizkaitarra zenbait komunikabidetan kolaboratzaile da, eta Euskalerria Irratian esatari aritu da. 1999an Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatutako Haurrendako Antzerki-Testuen VIII. Lehiaketa irabazi zuen, euskarazko modalitatean. Azken 10080 minutuen kronika groteskoa edo ez antzezlan laburra da, eta bertan azken 10.080 minutuetako literatur albisteak bilduko dira, ikaragarrienak, liluragarrienak, poetikoenak, sinesgaitzenak, goibelenak eta epikoenak. 

Saiorako sarrerak salgai daude Nafarroako Antzerki Eskolako leihatilan, 3 euroan eserlekuko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!