Argazkilariek "presioak" jasan zituzten Vox alderdi ultraeskuindarrak Iruñean egindako ekitaldian

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 13a, 07:48

Mahai eta aulkirik gabe argazkilari eta kazetariak izkin batean zokoratu zituzten Iruña Park hotelean Santiago Abascalen alderdiaren ekitaldian. 

Nafarroako Albistari Grafikoen Elkarteak salaketa jarri berri du joan den ostegunean Vox alderdi ultraeskuindarraren ekitaldia kubritzen jasandako "presioak" direla-eta. Santiago Abascal buru duen alderdiaren ekitaldia joan den otsailaren 7an izan zen Iruña Park hotelean. "ordu bete lehenago joan behar izan genuen, poltsoak eta motxilak ikuskatu zizkiguten, bideo kamerak ere bai eta mitina eman zuten gelan mugatuta ikusi genuen gure mugitzeko askatasuna", azaldu dute ohar batean. "Komunera joateko ere Vox alderdiko boluntario batek lagunduko gintuela ohartarazi ziguten", gaineratu dute kexu. Hotelaren kanpoaldeko irudiak ez hartzeko ere eskatu zieten argazkilariei. 

Albistari Grafikoen Elkarteak salaketa egiteaz gainera adierazpen askatasunaren aurkako jarrera izan zuela Voxek kritikatu du. Egunerokoan gertatzen denaren lekuko baino ez direla berretsi dute elkarteko kideek eta eguneroko hori herritarrei transmititzea dela euren helburua. Vox alderdi ultraeskuindarrarentzat hutsaren hurrengoa izan ziren kazetari eta argazkilariak: "Izkin batean jarri gintuzten, mahai eta aulkirik gabe. Lurrean eseri behar izan zuten askok eta gainerakook ahal genuen moduan aritu ginen ekitaldiaren berri jasotzen", azaldu dute oharrean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!