Orain Baikoen auziaren amaiera izanen dena iritsi da gaur. Behintzat bai parlamentuaren barruan. Mahaiak ez du onartu Laura Perezen taldeak idazki bidez Ahal Duguko hiru parlamentariak taldetik kanpo uzteko eskaria. Akats formalak zituen: bileraren akta ez zegoen egoki jasoa, besteak beste ez zituen biltzen bilera horren nondik norakoak zeintzuk izanen ziren.
Laura Perez oso haserre mintzatu da erabakia jakin berritan: laukoa parlamentuko presidentea babestearren edozer egiteko gai dela esan du. Orain Baikoak aldaketatik kanpo utzi dituztela ere leporatu die gainerako aldaketa osatzen duten alderdiei.
Aldaketan 26ak direla beharrezko erantzun dio EH Bilduko Adolfo Araizek. Norbait aldaketa horretatik kanpo kokatzen bada bere borondatez eginen duela esan du.
Oposizioaren ustez Geroa Bai eta EH Bildu iseka egiten ari zaizkie Ahal Dugu eta Orain Baikoei. Barregarri geratzen ari direla uste du Javier Esparzak.
Mahaiak beraz ez du onartu Orain Baik Ahal Dugu talde parlamentariotik kanpo uzteko aurkeztua zuen idazkia eta hortaz Ainhoa Aznarez izanen da parlamentuko presidente gaur gaurkoz.