% 2,25 igo ditu Nafarroako Gobernuak administrazioko langileen soldatak

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 6a, 18:45

Estatuak 2019rako onartutako gehienekoa da eta otsaileko nominan aplikatuko da. 

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran onartu duen erabaki baten arabera, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2019rako ezarritako ordainsarien % 2,25eko baliokidea igoko zaie soldata Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako Administrazioko langileei.

Igoera hori sektore publikoaren zerbitzura dauden langileentzat Estatuko legeriak baimentzen duen gehienekoa da, eta Nafarroako Gobernuak onartu egin du, legegintzaldi honetako aurreko ekitaldietan egin duen bezala, María José Beaumonten ardurapean dagoen Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Sailak proposatutakoari jarraikiz.

Horrela, gutxienez % 6 egin dute gora langile guztien ordainsariek. Ehuneko hori legegintzaldi honetako lau urteetan ordainsariek izan dituzten gorakadak batuta lortzen da; hau da, 2016ko % 1a, 2017ko % 1a, 2018ko % 1,75a eta 2019ko % 2,25a.

Gainera, gogorarazi behar da 2012tik atxikitako aparteko ordainsaria ordaindu zitzaiela langileei eta igoera nabarmenak aplikatu zaizkiela talde zehatzei, lanpostu bakoitzaren ordainsarian egindako egokitzapenak bat etor daitezen haren ezaugarriekin (zailtasun tekniko berezia, arduraldia, erantzukizuna, arriskugarritasuna edo nekagarritasuna). Haien artean, Funts osagarriak banatzeko akordioak eragindakoak nabarmendu behar dira. Akordio hori 2018ko urriaren 4an sinatu zuen Beaumont kontseilariak LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!