Beste txosten juridiko bat eskatzea adostu du Nafarroako Parlamentuko Mahaiak jakin nahian Orain Baik berriz aurkeztu duen dokumentua, talde parlamentariotik Ainhoa Aznarez, Mikel Buil eta Tere Saez kaleratzeko eskaera jasotzen duena, juridikoki egokia den edo ez.
Gehienez beste hamar egun gehiago pasa beharko dira parlamentuko letradunak argitzeko zuzena da eskaeraren orria edo ez. Orain Baiko Carlos Cousok argi utzi du Mahaiak ez balu eskaera onartuko epaitegietara joko dutela. Izan ere, arau hausteak egon direla uste dute, araudia behin baino gehiagotan hautsi dela iritzi dio.
Mahaian daudenetatik hiruk onartu dute txosten juridiko berri bat eskatzea: Geroa Baik, EH Bilduk eta presidenteak berak. Ezezkoa eman dio UPNk. Arazo bakarra presidentea bada, argi esan beharko luketela uste du EH Bilduko Adolfo Araizek. Geroa Baik uste du aurkeztu berri duten eskaera berriak ez duela betetzen araudia eta hortaz ez du ontzat joko kaleratzea. UPNk ez du ontzat jo txosten juridikoa eskatzea, uste baitu gehiegi luzatzen ari dela Orain Bairen baitako nahaspila.