Aznarez, Buil eta Saez Ahal Dugutik ezin direla kaleratu dio txosten juridikoak

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 21a, 08:26

Orain Baiko lau kidek babestu zuten gainerako hiru kideen kanporatzea. Aldiz, legelariek zehaztu dutenez, nahitaezkoa da babes hori dokumentu formaletan islatzea.

Legelariek nabarmendu dute Carlos Cousoren (Orain Bai) eskariak ez dituela betetzen baldintza horiek, eta, beraz, Mahaiak ez duela aintzat hartu behar. Dena den, aurreratu du epe bat eman diezaiokeela, beharrezko baldintza formal guztiak beteko dituen eskari bat aurkeztu ahal izan dezan. Cousoren eskariaren aurka, alegazioa aurkeztu zion Mikel Builek Mahaiari eta Laura Perez, Fanny Carrillo, Ruben Velasco eta Carlos Couso parlamentariak Orain Bai taldetik kanporatzeko eskatu zuen idatzi horretan. Legelarien esanetan, Mahaiak ez du eskari hori aintzat hartu behar, ez baitago hura onartzeko oinarri juridikorik parlamentuko araudian.

Bestalde, txostenak gogorarazten du Parlamentuko Mahaiarena dela Aznarez, Saez eta Builen kanporatze eskariaren gainean erabakitzeko eskumena, eta haren ebazpena ezin izango dela errekurritu Bozeramaileen Batzordearen aurrean. Aldiz, auzibidera jotzeko aukera izango da Auzitegi Konstituzionalean, babes helegitearen bidez. Txostena Manuel Pulidok sinatu du, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiak. Cousoren kanporatze eskariak arriskuan jarri du laukoak Mahaian duen gehiengoa, Aznarez taldetik kanporatuko balute ezin izango bailuke parlamentuko presidente izaten jarraitu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!