BPGa % 3,2 hazi da 2018an eta aurten hazkundeak segituko du baina motelago

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 1a, 07:51

Manu Aierdi atzoko agerraldian.

Foru Exekutiboak % 2,7ko aurreikuspena mantendu du 2019rako, nazioarteko egoerak gomendatzen duen zuhurtziazko testuinguruaren barnean.

Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik Nafarroako 2018ko Barne Produktuari buruzko datuak eman ditu ezagutzera, eta horien arabera, nafar ekonomiak % 3,2ko hazkundea izan zuen iaz, udaren ondotik eguneratutako aurreikuspenak baino hamarren bat txikiagoa eta Estatu osoan erregistraturikoa baino zazpi hamarren handiagoa. Honela, BPGaren % 3,2ko hazkundeak 2017ko hazkunde-tasa errepikatu eta “aurrerapen nabarmenan” ekarri du ondoz ondoko bosgarren urtez.

2018ko laugarren hiruhilekoaren buruan erregistratutako hazkundea % 0,4koa izan zen, aurreko hiruhilekokoa baino bi hamarren txikiagoa, foru ekonomia hedatzeko joera moteltzen ari zen seinale, Estatuko zein nazioarteko ingurunearekin bat etorriz iragarrita zegoenaren harira.

Urtetik urterako ikuspegiaren arabera, 2017ko azken hiruhilekotik 2018ko azken hiruhilekora, Nafarroako ekonomiak % 3ko hazkundea izan zuen, aurreko hiruhilekoetan hurrenez hurren izandako % 3,3, % 3,4 eta % 3,3ko igoerak leunduz.

Erlaxatze horren seinalerik argiena enpleguak eman du, aurrerapenaren abiadura moteldu duelarik, baina hala eta guztiz ere % 2,9 afiliazio gehiago erregistratu du azken hiruhilekoan. Joera bertsukoak dira industria eta kontsumoaren arloko aldian aldiko adierazle batzuk; autoen ekoizpena eta matrikulazioa, kasu. Bestetik, beste adierazle batzuk jarduera orekatzen ari dira; adibidez, kanpo-merkataritzaren bilakaera, txikizkako merkataritzaren indizea edota zerbitzuen negozio-kopurua.

Zuhurtziazko aurreikuspena

Urtearrilean, FMIk eta beste erakunde batzuek munduko ekonomiaren ahultzea nabarmendu era merkataritzarako mugapenak eta brexita aipatu dituzte kausa nagusitzat. Horren kariaz, Ayerdi lehendakariordeak “zuhurtziaz” jokatu du 2019rako aurreikuspenei buruzko balorazioak egiterakoan, eta ekonomia globaleko arriskuak gauzatu eta gure komunitatera iritsiko diren zain, % 2,7ko hazkundearen oinarrizko agertokia mantendu du aurtengo ekitaldirako. Ayerdi lehendakariordeak adierazi duenez, Nafarroako kopuruek “sendotasun eta erresistentzia nabarmena erakusten dute oro har, eta egungo datuekin, 2019rako egina dugun aurreikuspena bere horretan mantentzen ahal dela uste dugu”.

Exekutiboaren aurreikuspena bat dator beste erakunde batzuek Nafarroarentzat landutako aurreikuspenekin: Funcas (% 2,8) BBVA (% 2,7) edo Laboral Kutxa (% 2,6).

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!