Arruazun bizi da, baina Izaban ditu amaren sustraiak. Izabako birraitona artzaina zuen, baita aitaren Arruazuko lehengusua ere. Bi herrien artean distantzia handia egonagatik, elkar ezagutzen zuten biek, eta euskaraz mintzatzen ziren elkarrekin zirelarik. Gerora, Ganboaren aitonak egurrezko koilara batean bildu zuen bi artzainen arteko harremana, eta harreman hori gogoratzeko eta ezagutarazteko gogoa piztu zitzaion Ganboari. Bere buruari erronka jarri zion horretarako: Arruazu eta Izaba korrika lotzea.
Aurtengo urri bukaeran lotuko ditu bi herriak lasterka. Ibilbidea egun batean egitea da asmoa, eta, horretarako, ondoan izango ditu, bertzeak bertze, kirolean aritutako profesionalak.
Bidean ikusitakoarekin eta bizitakoarekin dokumental bat egin nahi dute. Dokumentalean, bideaz gain, bidean aurkitutako historiak ere jasoko dituzte. Artzainak agertuko dira, baina baita bertzelako protagonistak ere. Artzaintzaren inguruko balioak ezagutaraztea izanen da finean dokumentalaren helburua. Ondare materiala eta ez-materiala, biak jasoko dituzte 60 minutuko dokumentalean.
Dokumentalerako dirua lortzeko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat ere abiatuko dute hemendik gutxira.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!