Auzitegi Nazionaleko Salak Altsasuko Auzia berrikusteko bi eguneko bista zabalduko du helegiteak jaso asmoz: sei lekuko berrik izanen dute aukera euren ikuspegia azaltzeko; seiak Koxka tabernan izan ziren liskarra gertatu zenean. Jokin Unamuno, Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda, Julen Goikoetxea, Joan Ander Cob, Iñaki Abad, Aratz Urrizola (horietatik hiruk 800 egun bete dituzte espetxean) eta Ainara Urkijo (kalean den bakarra) dira Altsasuko Auzian dauden zortzi gazteak. 2 eta 13 urte arteko espetxe zigorra ezarri zieten ekainean eta gaur eta bihar izanen den bistetan ez dira presente izanen, bideo-konferentziaz jasoko dute Madrilgo Auzitegian gertatuko denaren berri.
Zigor Aretoak autoritatearen kontrako atentatutzat jo zituen gertaerak, lesioak eragitea, desordena publikoak sortzea eta mehatxuak eragiteaz zigortu nahi zituen eta horrengatik jartzen ahal den zigorrik handiena eskatu zuen gazteentzat. Hori bai, terroristagatik ez zituen zigortu nahi izan Fiskaltza eta akusazio partikularrak ez bezala.
Defentsek eskatutako proben artean batzik baino ez dituzte onartu epaimahaikideek: Jose Ramon Navarrok (txostengileak), Enrique Lopez eta Eloy Velasco magistratuek. Gehienak dira lekuko gisa deklaratuko dutenak gau hartan Koxka tabernan zeudenenak.
Terrorismo delituak egozten segitzen du fiskaltzak
62 urte arteko espetxe zigorra eskatzen segitzen du Fiskaltzak: terrorismo delituak antzematen ditu Koxka tabernaren kanpoaldean goizaldeko ordu txikitan izandako liskarra. Jose Peralsek dio ETAren estrategiaren eta ideien oinordekoak direla zortzi gazteak.