Hasi da Nafarroa zuritzen

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 22a, 13:32

Pirinioetan alarma gorria izango da, 40 zentimetro elur pila daitezkeelakoan. 

800 metrotik gora gogotik egingo du elurra. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Espainiako Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri dute biharko, asteazkenarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan. Pirinioetan alarma gorria izango da indarrean, 24 orduetan 40 zentimetro elur pila daitezkeelakoan.

Elur-kota 1.000 metrora kokatuko da asteazkenean, baina egunaren bigarren partean 600-800 metrora jaitsiko da. Nafarroan, 400-700 metrora kokatuko da. Pirinioetan edozein mailara zuri dezake. Prezipitazio ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariagoa isurialde atlantikoan. Honakoak dira aurreikusitako lodierak: 10-60 cm, 1.000 metrora; 0-20 cm, 600 metrora, eta 0 cm, 200 metrora.

Elurragatik ezarritako horrez gain, prezipitazio iraunkorragatik eta 6 metrorainoko olatuengatik ere alerta laranjak egongo dira indarrean Bizkaian eta Gipuzkoan. 24 orduan, metro koadroko 80 litro baino gehiago pila daitezke isurialde atlantikoko zenbait lekutan. Bestalde, 24 orduko epean, metro koadroko 20-50 litro baino gehiago pila daitezke mediterraneo isurialdean. Prezipitazio ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du, bereziki isurialde atlantikoan.

Nafarroan (isurialde atlantikoan) abisu horia ezarriko dute pilatutako prezipitazioagatik (40 mm, 24 ordutan).

Eguraldi makurrak itsasoan ere izango du eragina. Goizaldean, nabigaziorako lehenengo bi milietan, 4-5 metro arteko olatuak izango dira, baina goizean eta arratsaldean, 5-6 metro artean kokatuko dira. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, 7ko indarrarekin, eta itsaso oso zakarra eragingo du egunaren lehen partean.

Kostaldean, 5,5 metroko olatuak egongo dira, eta egoera bereziki kezkagarria izango da itsasgorarekin: 05:58 aldera.

EAEn zein Nafarroan, haizeagatik abisu horia izango da (100 km/h boladak haizeguneetan, eta 80koak, haizeguneak ez direnetan).

Sei abisu Euskadin, eta alerta laranja Nafarroan, elurragatik

Nafarroan alarma gorria ezarri dute gaur Pirinioetan eta alerta laranja erkidegoaren erdialdean, elurragatik. Isurialde atlantikoan, abisu horia izango da euriagatik eta elurragatik. 

Espainiako Meteorologia Agentziak azaldu duenez, eguerditik aurrera 40 zentimetro elur pila daitezke 24 orduko epean 800 metrotik gora (kota altuagoetan pilatzeak handiagoak izan daitezke). 

Nafarroako erdialdean 15 zentimetro pila daitezke 500 metrora, eta 15-20 cm artean erkidegoaren ipar-ekialdean.

Isurialde atlantikoan, azkenik, 3 zentimetro espero dira 500-600 metrora.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!