Maravillas gaztetxearen aldeko manifestazioa deitu dute urtarrilaren 19rako

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 9a, 17:19

Udaletxe plazan abiatuko da 17:00etan, 'Maravillas aurrera' lelopean. Protesta zaratatsuari ekin diote arratsaldean, eta foruzainak eta Espainiako Poliziak oldartu egin zaizkie.

Salda beroa banatzeko hitzordua iragarri zuten atzo gaztetxeko kideek. 18:00etan batu dira. Navarreria plazan egin nahi zuten ekintza. Baina ez dute aukerarik izan horretarako, poliziak ez die sartzen utzi. Protesta zaratatsua egiten ari dira orain Alde Zaharreko karriketatik. 20:00etan oldartu egin zaie Foruzaingoa eta Espainiako Polizia, gomazko pilotak jaurtiz. Alde Zaharrean gertatzen ari dena zuzenean  eskaintzen ari da Ahotsa.info ataria.

Atzoko oldarraldian zauritutakoen irudiak eskutan egin dute prentsaurrekoa Maravillas gaztetxeko kideek. "Txakur gorri zein urdinek" 50 lagun baino gehiago zauritu zituztela salatu dute. Gaztetxean arriskurik egon ez dela, eta bizilagunei kalterik eragin ez dietela gaineratu dute. Nafarroako Gobernuak gaztetxeak ordezkatzen zuen ereduaren beldur dela uste dute. 

Manifestazioa deitu dute gaztetxearen alde urtarrilaren 19rako. Iruñeko Udaletxe plazatik irtengo da manifestazioa 17:00etan, Maravillas aurrera lelopean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!