Hamabost egun dira greba mugagabea hasi zutela Huerta de Peraltako langileek: "Kaleratutako langileak onartu arte, greban jarraituko dugu". Abenduaren 26tik dira greba mugagabean, kaleratutako lau langile berriro har ditzatela eskatzeko, eta «lan baldintza duinak» eskatzeko. Protesta ugari egin dituzte azken asteetan. 1.500 lagun inguru bildu ziren Iruñeko mobilizazioan, eta hainbat sindikatuk eta eragilek parte hartu zuten; besteak beste, LAB, EHNE eta ESK sindikatuek, eta Iruñea Harrera Hiria taldeak. Azkoiengo langileen borrokak oihartzun handia hartu du, eta, manifestazioan esan zuten moduan, nazioarteko 38 sindikatu, alderdi eta eragilek adierazi diete babesa. Horien artean daude, besteak beste, Andaluziako SAT (Espainia), Nikaraguako CST-JBE, Kubako CTC eta Argentinako CTA sindikatuak.