Goizeko lehen orduan batzartu da laukoa: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Orain Bai, zein, Izquierda-Ezkerrakoak. Koalizio morean sortu den krisia bideratzea zen asmoa, baina halakorik ez dute erdietsi. Orain Baikoek baldintza berriak sartu dituzte krisiaren korapiloa askatzeko: alde batetik, Ainhoa Aznarezek presidentetza kargua utzi beharko luke, eta bestetik, alderdiak jasotzen duen dirua parlamentuko jarduna egiteko, bi taldeen artean banatzea.
Baldintza horiekin, ez dute adostasunik lortu eta Mahai eta Eledunen batzarrak txosten juridikoa eskatu du egoera azter dezan eta araudia nola beteko litzatekeen azal dezan. Astebete atzeratuko da beraz Ahal Duguren eta Orain Bairen artean sortutako korapiloaren askatzea.
Hala, Orain Baikoen izenean Carlos Cousok nabarmendu du egoera jasangaitz batek eraman dituela puntu horretan kokatzera. Aznarezek bere kargua baliatu du alderdi barruko jardueretarako eta interes pertsonalerako eta hori onartezina dela uste du. Aznarezek dimisioa aurkeztuko balu aztertuko luke Orain Baik talde parlamentariotik ez botatzea hiru parlamentariak.
Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerra arduraz jokatzeko eskatzen ari zatzaizkie
Geroa Baik talde parlamentariotik kanporatzeko eskaera atzera bota dezatela eskatu die Orain Baiko kideei. Aldaketak legealdiaren amaieraraino iraun beharko lukeela uste du eta horretarako ezinbestekoa da atzera pausoa ematea. EH bilduk ardura eskatu die eta kontuan hartzea zer nolako ondorioak ekarriko duen jokaera horrek: PSNren esku utziko luke parlamentuko jarduna. Aldaketak legealdia osa dezan aukera bakarra Orain Baik talde parlamentariotik Aznarez, Buil eta Saez ez botatzea litzateke Izquierda-Ezkerrearen ustez.
Presidente berria behar du parlamentuak
Oposizioarentzat koalizio morea ez da arduraz jokatzen ari. Gogorren UPN aritu da, esanez, berehala osoko bilkura berezia deitu beharko litzatekeela parlamentuko presidente berria aukeratzeko. Talde parlamentariotik kanpo utzi badituzte Aznarez ez da parlamentuko presidente eta berehala beste bat hautatu behar dela iritzi dio Javier Esparza erregionalistak. Parlamentua zirku bilakatu dutela uste du UPNk.