Elkartasun manifestazio handia egin dute Azkoienen Huertas de Peraltako langileek

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 4a, 14:06

>Langile ordezkariek enpresa zuzendaritzari egindako proposamenaren erantzunaren zain daude. >Elkartasun manifestazioan jende ugari batu zaie langileei. >Kaleratutakoak hartzeko eta euren baldintzak duintzeko eskatzen ari dira. >Abenduaren 26az geroztik daude greban.

Elkartasun eguna dute Huertas de Peralta lantokiko langileek. Abenduaren 26az geroztik greba egiten ari dira enpresak bota dituen langileak berriz hartzeko eskatzen eta lan baldintzak duindu diezazkieten eskatzen. Langile batzordeak greba mugagabea amaituko lukeen proposamen bat egin zion asteazkenean Huerta de Peralta enpresako zuzendaritzari, eta haren erantzuna jasotzea espero dute gaur bertan. Proposamen hori jakinarazteko bileran Nafarroako enpresak “jarrera arduragabea” erakutsi zuela esan du LABek, “negoziazioarekiko ekimeni eza” islatu zuelako.

Enpresaren erantzunaren zain, protestak egin dituzte egunotan eta bereziki gaur. Huertas de Peralta enpresak langileei urteotan ordaindu gabekoengatik 400.000 euroko zorra du eta hori ere eskatzen diote langileek. LAB sindikatuak du gehiengoa langile ordezkarien artean: bederatzitik sei ditu LABek, bi Comisiones Obrerasek eta bat UGTk. 

Grebarekin pikete informatiboak egin dituzte egunero enpresaren atarian. Eta protestetan Foruzaingoaren jarrerarekin kritiko azaldu da LAB sindikatua. Langileei oldartu zaizkie eta uberldurak ere eragin dizkiete. Jarrera horretan arrazismoa sumatu dute LAB sindikatuko kideek. 

130 langile inguru ari dira Huertas de Peraltan lanean. Horietatik asko atzerritik etorritakoak dira eta asko emakumeak. Hori azpimarratu du behin baino gehiagotan LAB sindikatuak euren egoera prekarioaren isla ere badelako.

Jendetza bildu da gaur ere Azkoienen antolatu duten manifestazioan. Bota dituzten langileak berriz ere har ditzatela eskatu dute oihu artean. Enpresaren erabakiaren zain daude, langileek egindako proposamena onartzen duen jakiteko. Hala balitz grebarekin amaituko lukete eta baita mobilizazioekin ere. Ez bada hala, urtarrilaren 7an Iruñean eginen dute manifestazioa. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!