Inkestek Parlamentuan sartzeko zailtasunak iragartzen dizkiote Alderdi Popularrari, eta horren jakitun, azken hilabetetako Ana Beltranen mugimenduek etsipena islatzen dute. Hala, azken egunetan bozetan elkarrekin joateko eskaera egin dio UPNri, baina Jose Javier Esparzak gaur erantzun argia eman dio: "Akordioak komunikabideetan jakinarazten direnean, akaso beste zerbait bilatzen da, baina ez akordioetara ailegatzea", kritikatu du.
Esparza "foru erregimena defenditzen dutenekin" hitzarmena egiteko prest azaldu da. Ekuazio horretan sartzen du Ciudadanos; Vox, aldiz, ez. Andaluzian alderdi horrek PPri eta Ciudadanosi egin dien eskaeraz galdetuta, Esparzak kritikatu egin du: "Nirekin ez lirateke akordio horretara ailegatuko".
Datozen hilabeteetan UPNk erabiliko duen mezua oso argi du Esparzak: "Datorren legealdian edo gobernu nazionalista dago edo UPNren gobernu bat, beste indarrekin batera". Mezu hori PSNri presio egiteko baliatuko du.