Batzarra izanen dute gaur Huertas de Peraltako langileek enpresa zuzendaritzarekin

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 2a, 09:07

Gaurko eman diote langileen ordezkariei enpresa zuzendaritzatik batzartzeko hitzordua. 12:00etan izanen da. Langileek prest dute enpresari mahai gainean jarriko dioten proposamena

Azkoienera begira gaude. Gaur baliteke albiste gehiago iristea. Huertas de Peralta lantokiko langileak seigarren eguna dute gaur greban. Zortzi lankideren kaleratzeengatik ari dira protestan. Berriz ere hartzeko eskatzen ari dira. Eta gaurko eman diote langileen ordezkariei enpresa zuzendaritzatik batzartzeko hitzordua. Goizean izanen da eta langileek prest dute enpresari mahai gainean jarriko dioten proposamena.

Abenduaren 26an hasi zuten greba mugagabea botatako zortzi lankideak berriz ere hartzeko eskatuz. 

Iazko irailean, langile batzordea osatzeko hauteskundeetan, LABen izenean aurkeztutako migratzaile marokoarrek lortu zituzten jokoan ziren bederatzi ordezkarietatik sei. Orduz geroztik, lan baldintzetan hobekuntzak izan dira enpresan: hainbat kontratu finko bihurtu dira, eta lanaldiak nabarmen murriztu. Baina, tarte honetan, Huerta de Peraltak LABekin lotura zuten lau behargin kaleratu ditu.

Huertas de Peralta enpresak diru publikoa jasotzen du: 280.000 euro LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Onartezina da langile pobreak sustatzea, nabarmendu du sindikatuak. Enpresak zein jarrera hartuko duen, zain daude langileak. Baina badirudi gaur batzartzeko aukera izanen dutela. 

Greba mugagabean segitzen dute eta lantokiko atarian protesta eta informazioa zabaltzen. Horrez gain, urtarrilaren 4an elkartasun eguna deitu dute Azkoienen. Huertas de Peralta lantokiaren parean eginen dute protesta eta urtarrilaren 7an astelehenarekin protesta Iruñera ekarriko dute. Manifestazio deia egin dute eguerdiko 12etan udaletxe plazatik. Hori bai, gaurko batzarretik akordioarekin irtengo balira bertan behera utziko lituzkete deialdi horiek. Oraingoz baina, mantendu egin dituzte.

Joan den ostiralean Iruñean egindako manifestazioaren ondoren, Huertas de Peralta enpresaren atarian egin zuten protesta. Kamioiak sartzea oztopatu nahi izan zuten, eta LAB sindikatuak salatu duenez, lehen egunean bezala, oldartu egin zaizkie foruzainak beharginei. Zaurituak eragin dituzte; horien artean dago Huertas de Peraltako langile batzordeko burua. Liskar horiek direla eta, oldarraldia dela eta, Mari Jose Beaumont Barne Kontseilariaren dimisioa eskatu du LAB sindikatuak. 

Egurdiko Euskalerria Irratiko Iruñerrian Gaur albiste kontakizunean hitz eginen dugu Ramon Lacalzada LAB sindikatuko ordezkariarekin Huertas de Peraltako langileek enpresa zuzendaritzarekin izandako bilerak zer eman duen jakiteko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!