Errepideetan 34 pertsona zendu dira aurten

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 31a, 09:34

Hogeita hamalau pertsonak galdu dute bizia 2018an, Nafarroan gertatutako trafiko-istripuetan, aurreko ekitaldian baino sei gehiagok baina 2000. urteko 118tik urrun, Barne Zuzendaritza Nagusiak egindako behin-behineko balantzearen arabera.

Hogeita hamalau pertsonak galdu dute bizia 2018an, Nafarroan gertatutako trafiko-istripuetan, aurreko ekitaldian baino sei gehiagok baina 2000. urteko 118tik urrun, Barne Zuzendaritza Nagusiak egindako behin-behineko balantzearen arabera.

Heriotza horietatik, 27 Nafarroako Errepideen Katalogoko hiriarteko bideetan gertatu dira, 1 landa-bidean eta 6 hiri barruko bideetan. Behin-behineko datu horien arabera, hiriarteko bideetan biktima gehiago izan dira, 2017an gutxieneko historikoa izan baitzen, 18 hildakorekin. Hala eta guztiz ere, ez da ahaztu behar 2000. urtean 100 bat pertsonak galdu zutela bizia bide-mota horietan, eta 2014an 36 hildako izan ziren.

Modu horretan, azken 4 urtetan, hiri barruko bideetan eta hiriarteko bideetan aurreko 2011-2014 laurtekoan (148) baino hildako gutxiago izan dira, 113, eta heriotza-kopurua %60 jaitsi da 2000 eta 2003 urte artean gertatutako 294 hildakoetatik; horrela erakusten du Nafarroako hiri barruko eta hiriarteko bideetan 2000az geroztik urtero gertatutako biktimadun istripuei buruzko datuek.

Talde ahulenei erreparatuta, datuak ezberdinak dira. Hiri barruko oinezkoei dagokienez, iaz 8 hildako izan ziren eta aurten 6, nahiz eta urtearen hasieran alarma sortu Iruñean gertatutako harrapatzeen ondorioz.

Iaz ez bezala, aurten ez da hildakorik izan bestelako talde oso ahulenetan; hots, txirrindularien kasuan, bizikleta bidezko mugikortasuna gehitu den arren. Ildo horretan, Bide Segurtasunaren Nafarroako Estrategiak segimendu-bilerak bultzatu ditu Txirrindulari Taldeekin, eta txirrindulariak babesteko hainbat errepidetan seinaleak jartzeko proposamenak egin ditu.

Barne Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako balantzetik zenbait datu interesgarri atera ditzakegu. Guztira hildakoetatik, %85 gizonezkoak ziren (29 biktima) eta %15 emakumezkoak (5 biktima). Adinari dagokionean, hildakoen %80a 25 urtetik gorakoak izan dira (27), %29 64 urtetik gorakoak (10) eta %20 25 urtetik beherakoak (7). Hildakoak izan dituzten ezbeharren artean, istripuen %68an hildako pertsona ibilgailuaren gidaria izan da; gainerako bidaiariak, aldiz, %12, eta %20 oinezkoak.

Hildakoak izan diren istripuetako ibilgailu-motari dagokionez, gehienetan turismoak izan dira, eta soilik 3 kamioi (%9) eta 7 oinezko (%20). Gainerakoak %56 eta %15 artean banatzen dira, turismoak edo furgonetak eta motozikletak eta ziklomotorrak, hurrenez hurren.

Datu gehigarri gisa, nabarmendu behar da ezbeharren %20a asteazkenez gertatu zela, eta apirilean eta urrian gertatu zirela hildako gehien, seina hilabete bakoitzean. Aldiz, otsailean, abuztuan, urrian eta azaroan, hildakoen istripu gutxien gertatu ziren.

Eta datu horiek hobe daitezen, alegia, errepidean ez dadin hildakorik izan, prebentzio-kanpainak egiten dira.

Aurtengo ekainean, gidatzean arreta galtzearen aurkako kanpaina instituzionala egin zen, eta 2019ko urtarrilean jarraipena izango du, 400.000 orri-markatzaile inprimatuko baitira, gidatzerakoan mugikorra ez erabiltzea ohartarazteko; orri-markatzaileak IATeetan banatuko dira batez ere.

Horrez gain, Bide Segurtasunaren Nafarroako Estrategiak alkoholaren eta drogen aurkako 5 polizia kanpaina egin ditu. Alkoholaren aurkako kanpainan 70.617 ibilgailu kontrolatu dira 546 salaketarekin eta drogen aurkakoan 1.401 kontrol 373 salaketarekin. Horiekin batera, beste 5 kanpaina egin dira arreta-galtzeen aurka (269.209 ibilgailu kontrolatu), eta abiadura, segurtasun-gerrikoak, kaskoak eta haurrak lotzeko sistemak kontrolatzeko egindako beste 2 kanpainarekin, Bide Segurtasunaren Nafarroako Estrategiak antolatutako 16 kanpaina osatu dira.

Lanean hasiko den beste taldea Bide Hezkuntzaren ingurukoa izango da, Nafarroan eremu horretan jorratzen ari diren ekimen guztiak biltzeko asmoarekin, modu horretan, foro komun batean indarrak eta xedeak bilduta, herritar guztien onerako. Sakabanatzea eta informazio-eza saihestu nahi dira, lan bikoitza murriztu eta guztien sinergiak aprobetxatu denon arteko bide batean. Bide-hezkuntzako planak egiteko, sustatzeko eta bultzatzeko helburuarekin sortuko da.

Bestalde, gidatzerakoan alkoholaren eta drogen prebentziorako kanpaina instituzionala egingo da 2019ko lehen hiruhilekoan zehar, ezbehar-tasak murrizteko asmo berarekin.

2017. urtean, trafiko-istripuetan hildakoen %44ak positiboa eman zuen Nafarroako Legezko Medikuntzaren Institutuan egindako analisietan. Datu esanguratsua da Foruzaingoak drogen 2.785 froga egin zituela, susmo sendoak daudenean egiten direnak, eta %35 inguruk positiboa eman zuen; bestalde, alkoholaren kontsumoari buruzko ausazko 68.543 froga egin ziren, eta positiboen kopurua ia %1ekoa izan zen.

Bide Segurtasunaren Nafarroako Estrategiaren esparruan, “Prebentziorako III. Plana: drogak eta mendekotasunak” lanarekin bateratuta, ezinbestekotzat jotzen da Nafarroako gizarteari helaraztea drogak kontsumituta gidatzearekin bizia galtzea edo lesio larriak eragin ditzaketen trafiko-istripuak gerta daitezkeela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!