Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentetzatik kanpo gera liteke talde parlamentariotik "kanporatu" ondoren

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 20a, 14:11

Podemos-Ahal Dugu-Orain Baiko Carlos Cousok Parlamentuko Mahaiari adierazi dio talde parlamentariotik kanpo uzten dituztela Ainhoa Aznarez, Mikel Buil eta Tere Saez. 

Nafarroarako 2019ko aurrekontuak erdietsi ondoren Podemos-Ahal Dugu-Orain Baiko Carlos Couso eledunak Parlamentuko Mahaiari adierazi dio talde parlamentariotik kanpo uzten dituztela Ainhoa Aznarez, Mikel Buil eta Tere Saez. Hartara, parlamentuko presidentetza gal lezake Aznarezek. Parlamentuaren araudiaren arabera, parlamentari batekin ezin du presidente izan parlamentari talde bateko kide ez bada.

Naizek jakinarazi duenez, egungo parlamentari taldea osatzeko parlamentuko hitzarmenaren aurkako helegitea aurkeztu dutelako kanporatu dituzte taldetik. 

Zazpi kidek osatzen zuten Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentaria. Zatituta zegoen, baina, taldea taldeko lau parlamentari (Laura Perez alderdiko idazkari nagusi ohia, Carlos Couso, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco) Nafarroako Ahal Dugu alderditik kanporatu zituztenetik. Lau parlamentari horiek dute orain taldearen kontrola. Podemos alderdiaren ildo nagusiarekin bat egiten zuten Ainhoa Aznarez, Mikel Buil eta Tere Saez.

Mahaiak berretsiko du erabakia

Parlamentuko Mahaiak erabakiko du Ahal Dugu-Orain Bai taldearen eskaria onartzen duen ala ez. Hurrengo bilera urtarrilaren 8rako dute ezarrita. Nafarroako Parlamentuan osoko bilkura egiten ari zirela jakinarazi egin du eskaria Ahal Dugu-Orain Bai taldeak. Mahai eta Eledunen batzarra aurreratzeko eskatu dute UPNk, PSNk eta PPk, Aznarez ordezkatzeko. Aznarezek adierazi duenez, "araudia jarraituz" deituko da hurrengo bilera. PPko eledunarekin hizketan ari zela, Orain pasta gisa izendatu du Aznarezek Orain Bai taldea.

Erantzunkizunerako deia egin dio laukoari Podemos-Ahal Duguk

Orain Bai taldeko "transfugek egindako iruzur demokratikoa saihesteko erantzunkierako deia" egin die EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerra alderdiei Podemos-Ahal Duguk. Hedabideei bidaliko oharrean jakinarazi dutenez, deia PSN alderdiari ere luzatu nahi diote. "Kontziete gara transfugak gure alderdiari eta Nafarroako aldaketa politikoaren etorkizunari egiten ari diren minaz".

Orain Baik parlamentari taldeak hilero jasotzen duen diruaren "kontrol ekonomikoa" eskuratzea helburu duela iritzi dio alderdiak. Duela urtebete, diru hori Nafarroako Parlamentuak atxikitzen du. Diruaren kudeaketa hauteskundeak irabazi zituen Podemos - Ahal Dugu alderdiari dagokiola uste dute.

Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak gobernuarekin duten konpromisoari eusteko eskatu diete Ahal Dugu-Orain Bai taldeko parlamentari guztiei. Erabakiaren ondorioz, laukoak Parlamentuko Mahaian duen gehiengoa gal dezake.

Ahal Dugu-Orain taldeko parlamentariek agerraldia deitu dute biharko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!