Altsasuko auzia urtarrilaren 14tik aurrera berrikusiko du Auzitegi Nazionalak

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 19a, 07:48

Apelazio aretoak auzi saioa egiteko hitzordua jarri du: urtarrilaren 14tik 16ra bitartean eginen da auzi saioa.

Bi hilabetez auzia geldi egon da. Urriaren hasieran, epaimahai horretako epaileak ezesteko eskaera egin zuten sei auzipeturen abokatuek: Eloy Velasco eta Jose Ramon Navarro magistratuek Guardia Zibilaren dominak jaso zituztela-eta, auzia aztertzeko nahikoa inpartzialtasuna ez dutela zeritzon defentsak. Halaber, lehen errekurtso bati erantzunez, epaimahai horretako Enrique Lopez epaileak probidentzia bat sinatu zuen eta atzera bota zuen helegitea. Defentsaren ustez, erabaki horrek ere inpartzialtasuna islatzen du. Azkenik, Velascok Coviteren hitzaldi batean parte hartu zuen eta epaiketari buruzko adierazpen batzuetan "aurrez hartutako jarrera" zuela islatu zuen, defentsaren arabera.

Atzo, epaileen jokabideak aztertu ohi dituen Auzitegi Nazionaleko aretoak, botere judizialaren legearen inguruko areto bereziak, bertan behera bota zituen hiru argudioak, eta eskaera hori "fede txarrez" egitea leporatu zien sei auziperaturi. 600 euroko isuna ezarri zien. Eskaera hori atzera bota ostean, ez dago helegiterik jartzerik eta auzia berrikusteko saioa urtarrileko hirugarren astean egingo da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!