200.000 euroko isunarekin eta Sadar hilabete ixtearekin zigortu nahi dute Osasuna

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 13a, 18:35

Zigortuak izan diren ‘Indar Gorri’ak bazkide izaten mantentzeagatik proposatu du zigorra Indarkeriaren Aurkako Batzordeak.

Indarkeriaren, Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren aurkako batzordeak beste  zigor bat proposatu du Osasuna taldearentzat: 200.000 euro ordaintzea eta Sadar hilabetez ixtea. Aurrekari penalak dituzten 'Indar Gorri' zaleak bazkide mantentzeagatik eskatu du batzordeak zigorra. 

Indarkeriaren Aurkako Estatuko Batzordeak bere oharrean aipatu duenez, Osasunak "ez die segurtasun koordinatzailearen irizpideei jaramonik egin, haiekin hartu beharreko neurrien inguruan; eta denboraldi honetako hainbat partidatan sartzeko baimena eman die".

Zigorra, ekainean

Ekainean 50.000 euroko isunarekin eta Sadar hilabete ixtearekin zigortu zuen batzordeak Osasuna 'Indar Gorri' zaleen taldearen "alde egin eta babesa emateagatik".  Klubak ‘Indar Gorri’ taldeko zenbait kideri sarrerak eman zizkien Valladoliden aurka Zorrillan jokatu zuten partidarako, ekainaren 2an. Aurreko denboraldian ere, 100.000 euroko zigorra jartzeko proposamena aurkeztu zuten. Orduan, taldeak ateak itxita egindako entrenamendu batera sartzeko baimena eman zieten ‘Indar Gorri’ko kideei, pankarta, bengala eta pirotekniako materialarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!