Aho batez izateko lau botoren faltan 35,5 milioi euro izanen ditu Nafarroako Gobernuak inbertsio jasangarrietara bideratzeko. Lege bidez ahalbidetuko da hori. Madrilgo gobernuak 35,5 milioi euroren inbertsio iraunkorrak soilik baimendu zizkion Nafarroari; nahikoa, iritzi publikoaren aurrean alderdi sozialistak diru hori blokeatzen ez duela irudikatzeko, baina laukoak zein gobernuak nahi dituzten 113 milioi euroetatik urruti. 35,5 milioi horien artetik gehiena toki entitateetara bideratuko dituzte: 25,7 milioi tokiko azpiegituretarako izanen dira, eta gainerako 9,8 milioi euroak banda zabala hedatzeko erabiliko ditu gobernuak. Inbertsioa osorik bideratzeko aukerarik ezean, behintzat baimendutakoari bide ematearen garrantzia azpimarratu du Ogasun kontseilari Mikel Aranburuk.
Gobernuak lehenetsi behar izan ditu inbertsioak baimendutako hori kontuan hartuta. Urte hasieratik ahalegindu dira laukoa eta gobernua iazko diru soberakin handiak inbertsioetarako erabiltzen. Izan ere, ekarpenaren akordioaren ondorioz, iaz 215 milioiko superabita izan zuen foru erkidegoak.
Ezezkoa Orain Baik
Ia aho batez atera ahal izan duela aurrera Gobernuak 35,5 milioi euroko inbertsio jasangarriak ahalbidetuko dituen legea. Baina ez du lortu. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai taldeko lau kideek ez dute onartu bakarrik 35,5 milioi euroko inbertsioak egitea eta Madrilgo mehatxuei men egitea. Laura Perez oso kritiko aritu da.
Deus baino hobea delako
Gobernua babesten duten lau alderdiek, alegia, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak babestu dute legea. Arduraz jokatzea da, dena hartu ezin daitekeenean behintzat apurrarekin aurrera egiten jakitea. Ardura hitza erabili du baita oposizioak ere: UPN, PSN eta PP. Hori bai, kritikak ere egin dizkiote gobernuari.
Javier Esparzak Aranbururi leporatu dio kudeaketa txarra egitea, koherentziarik gabe jardutea eta Madrilekiko sumiso jardutea. PSNk laudorioak bota dizkio Espainiako Gobernuak hartutako jarrerari. Pedro Sanchezen gobernuari esker izanen du aukera Nafarroak inbertsio jasangarriak erdiesteko. Alderdi popularrak ere proposamenaren alde egin du eta ahalbidetu nahi izan ditu inbertsio jasangarrietarako 35,5 milioi euroak.