2019ko aurrekontuetarako taldeek 957 zuzenketa aurkeztu dituzte. Lehen bi egunetako eztabaidan, Barne eta Funtzio Publikoa, Ogasuna, Hezkuntza eta Osasun departamentuen aurrekontuei dagozkien 384 zuzenketa eztabaidatu dira, eta gehienak (338) atzera bota dituzte Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak. Izan ere, duela hiru aste, lau alderdien artean hitzartu zuten 128 zuzenketa egitea aurrekontuen proiektuari, 20 milioi eurokoak. Zuzenketek departamentu guztietan aurreikusten dituzte aldaketak: hala nola euskarazko diru laguntzak 200.000 euro handitzea, eta 0-3 zikloko haur eskolak finantzatzeko udalekin hitzartutako itunei, milioi bat euro gehiago ematea. Oraingoz, 46 onartu dituzte.
Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuak 4.010 milioi euroko gastu muga du, iaz baino 121 milioi gehiago.