5. urteurreneko kanpaina izan da aurtengoa, eta 13.000 saski banatuko dituzte datozen egunetan. Hala 162.500€ bideratuko dira Nafarroa hegoaldean euskarari hauspoa ematen segitzeko. "Nafarroa hegoaldean ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzera bideratuko da ekarpena, euskalgintzara haize berriak ekar ditzaketen proiektuei muzin egin gabe".
2013 eta 2017 artean bost kanpaina egin dituzte aurretik, eta Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara 800.000€ inguru bideratu ditu horri esker Errigorak: "Urteotan lortutakoa garrantzitsua da, bai, baina askoz gehiago da oraindik lortzeko duguna". 5. urteurrenean egitasmoa aurrera ateratzearen zailtasuna izan dute gogoan antolatzaileek: "Ez da erraza auzolan ariketa erraldoi hau udazkenero errepikatzea. Milaka etxetan urtero Errigoraren saskia(k) hartzeko hautua egitea. Ez da erraza, baina oso polita da".
Polita deritzote, besteak beste, ekoizleen familia osatu duelako egitasmoak. Azkeneko kanpainan 23 etxe izan dira haien produktua eskaini dutenak. "Oso polita da helburuak konpartitzen ditugunen arteko elkarlana. Eta politagoa desberdinen artekoa; batzuei besteen irrikak eta ametsak itsastea".