Joseba Ezkurdiak irabazi du lau eta erdiko txapela

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 19a, 07:46
Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna.

Azken unera arte bizi izan da lehia Nafarroa Arena frontoiaren estreinaldi handian 3000 ikusle bildu dituen norgehiagoka parekatu batean. Azkenik, arbizuarra nagusitu da Jokin Altunari 22-17 irabazita.

Joseba Ezkurdiak jantzi du aurtengo lau eta erdiko txapela, Altunari finala irabazita (22-17). 3000 ikusle hurbildu dira Nafarroa Arena frontoiak bizi duen lehen final handira. 57 minutuko iraupena izan du partidak afizioaren begietarako gozamena izan den norgehiagokan. Iazko txapeldunaren aurka gailendu da arbizuarra erritmo eta bizitasunaz baliatuz, bosna tantu sakez eginez eta beste bosna bi paretetara. Altunak ezin hobe ekin dio partidari, hasiera-hasieratik aurrea hartuz, sakez eginiko tantu zuzenaz baliatuz eta 3-1eko errenta bere eginez.

Ezkurdiak, ordea, 1-8ko partzialean burua altxatu eta markagailua irauli du sakez eginiko bi tantuz, eta beste bi bi paretetara, horietako bat bolean. Pilotari nafarrak egundoko sasoia erakutsi du eta iraultzeaz gain aldea handitu ere egin du 8-14koa ezarriz markagailuan. Altuna, ordea, ez da kikildu eta 15-14ra irauli du emaitza, baina akatsak medio, Ezkurdiak sakez egindako laugarren tantuarekin garaipena bideratu du (16-18). Ezkurdia hurrengoa tantuan huts egin duen arren, segidan lau tantu egin ditu jarraian: bata bi paretetara, Altunaren bi hutsegite eta azken tantua, garailearen tantua sakez (22-17).

Irailaren 29an izan zen Nafarroa Arenaren estreinaldia, Mastersen finalarekin, baina igande honetakoa frontoi honek bizi izan duen lehen norgehiagoka handia izan da, zein eta Lau t'erdiko final handia. Txapelketaren pilotaririk erregularrena izan da ez baitu partida bat bera ere galdu eta finalean ere isla izan du urteko lana. Emaitza: Aurtengo Lau t'erdiko txapela eta urteko pilotaririk onenaren ohorea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!