Hipoteken zerga bankuek eta kutxek ordaintzea proposatu du gobernuak

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 14a, 16:50

Foru-legearen proiektua Parlamentura bidali du, zuzenean izapidetzeko eta irakurketa bakarrean egiteko, behin onartuta ahalik eta azkarren aplikatzeko. 

Nafarroako Gobernuak gaurko bileran Foru Legearen proiektu bat onartu du; hau da, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren zati bat aldatzen duena (129/1999 Legegintzako Foru Dekretua, apirilaren 26koa). Foru Exekutiboak proposaturiko aldaketak kasu batzuetan subjektu pasiboa aldatzen du; alegia, Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga ordaintzeko betebeharra duena. Erregulazio berriaren arabera, betebehar hori finantza-erakundeena da "mailegua bermearekin eratzeko eskrituren kasuan". Idazketak finantza-erakunde guztiak berdin-berdin hartzen ditu, nahiz eta esan zergadun-mota batzuentzako maileguak salbuetsita jarraitu behar dutela.

Horrez gain, Foru Legearen proiektuak xedapen bat gehitu du finantza-erakundeek EJD Zerga ordaintzeko betebeharra deduzitzerik izan ez dezaten Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenean etorkizuneko ekitaldietan, 2019. urtetik hasita.

Azkenik, Nafarroako Gobernuaren ustez, aldaketa honek “Nafarroako Parlamentuaren erregelamenduko 158. artikuluko baldintzak betetzen ditu; hots, proiektuen zuzeneko izapidea eta irakurketa bakarrekoa arautzen duena”. Modu horretan, arauaren segurtasun juridiko handiena bermatzen da, izapidetzea azkartzearekin batera, behin Foru Legearen proiektua onartuta, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera indarrean sar dadin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!